EH Bilduk akordio zabala sustatu du gaur Legebiltzarrean, aho batez onartu dena, Osasun Sailari Onkologia Pediatrikoa indartu dezala eskatzeko. Rebeka Uberak azaldu du “unitate horietan baliabideak, materialak zein pertsonal arlokoak, hobetu beharra” dagoela, “azken urteotan egoerak okerrera egin duelako eta estandar batzuk ez direlako betetzen, minbizia duten haur eta nerabeen guraso elkarteek salatu dutenez”.
Hori dela eta, Uberak berak proposatuta, Legebiltzarrak Osasun Sailari eskatu dio, Osakidetzarekin lankidetzan, guraso elkarteekin lan egin dezala minbizi pediatrikoa Hematologia eta Onkologia Pediatrikoko Unitateetan Europan eta Estatuan definitutako estandarren arabera tratatzeko, horretarako behar diren baliabide material eta pertsonalak bideratuz, adingabeei eta haien familiei arreta integrala eta egokia bermatzeko.
Alde horretatik, Legebiltzarrak eskatu du ospitaleetako azpiegiturak egokitu eta hobetzea, diziplina anitzeko ekipoak osatzea, informazio protokoloak egitea, zainketa aringarrietan eta doluan prestatzeko protokoloak diseinatzea eta haur minbiziari buruzko ikerketa klinikoetarako unitate bateratu bat sortzea, haurren minbiziaren tratamenduen %90 saiakuntza klinikotzat hartzen diren nazioarteko protokoloen barruan egiten baitira.