AKTUALITATEA


| 2021-11-25 11:48:00

EH Bilduren mozio bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak “indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskura jartzen diren baliabideen ebaluazio kualitatibo bat egin dezala” eskatu dio Jaurlaritzari, “bai eta ebaluazio horren ondorioak genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko programetara egokitu ditzala ere sentsibilizazio, prebentzio, arreta eta babes eremu zehatzetan”. Halaber, EH Bilduk sustatu duen akordioaren arabera, Lakuako Gobernuak bere protokoloak berrikusi eta hobetu beharko ditu “arreta azkarra, eraginkorra eta integrala emateko”.

Oihana Etxebarrietak akordioaren garrantzia azpimarratu du, indarkeria matxista pairatzen duten biktimen ‘normaltasuna’ aldatzea “gutariko bakoitzari dagokigulako, gure egunerokoan, eta gure kasuan, Legebiltzarrean, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatzeko konpromisoa ekarri dugu gaurkoan”. Azaldu duenez, “egun dauden baliabide guztien gaineko analisi sakon bat egitea beharrezkoa da jakin dezagun zer dugun, nola dagoen, emakumeek zer pentsatzen duten, langileek nola ikusten duten; pausu hori ezinbestekoa da hobetu edo sortu beharrekoa mahai gaineratzeko” eta, azken helburu gisa, “punitibismoa baino, biktima izan diren emakume eta haurren beharrak erdigunean jarriko dituen eta haien bizipenaren aitortza eta erreparazioa jo-puntuan izango duen sistema bat eraikitzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du babes sistema sendo bat eraikitzea. Izan ere, “2003az geroztik, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 112 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar eta, gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora”. Etxebarrietaren irudiko, errealitate gordin hori “ez da lau zororen kontua, sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik”.

Etxebarrietak, halaber, aitortza eta miresmena adierazi die mugimendu eta talde feministei, “erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea eraikitzeko lanean ari diren pertsona guzti horiei”.