AKTUALITATEA


| 2023-06-01 14:21:00

EH Bilduk akordio zabal bat sustatu eta lortu du gaur EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoek erabiltzen dituzten algoritmoak eta adimen artifiziala etikoak, justuak eta inklusiboak izango direla bermatzeko. Gaurko akordioari esker, Jaurlaritzak Algoritmoen Erregistro Publiko  eskuragarri eta garden bat sortuko du, “euskal administrazio publikoek erabiltzen dituzten algoritmo eta adimen artifizial sistema guztiak barne hartuko dituena, bai eta haiei zuzeneko edo zeharkako edozein kudeaketa-moduren bidez zerbitzu publikoak ematen dituzten erakunde pribatuetan erabiltzen direnak ere”. Modu honetan Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izango dela azpimarratu du Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkideak, algoritmoen inguruko eztabaida mahai gainean ipini duenak, erregistro publiko hori lehena izango baita, erkidego mailan, Estatu espainolean. Martinez Axpek erregistroaren izaera publikoaren garrantzia ere nabarmendu du, “edozein herritarrek izango baita sarbidea bertara, herritarren datu pertsonalak tratatzen dituen algoritmoen informazio osoa ikusteko”.

Azaldu duenez, Jaurlaritzak sortu beharko duen erregistro publiko horretan ez dira algoritmoen izenak bakarrik agertuko, algoritmo horiek herritarrongan duten inpaktua ere jasoko baita, besteak beste. Pertsonengan eragin ditzakeen kalteak aztertu gabe adimen artifiziala merkaturatzearen arriskuaz ohartarazi du Martinez Axpek, eta behar-beharrezkotzat jo du aztertzea zer nolako bermeak dituzten euskal administrazioek erabiltzen dituzten algoritmoek eta adimen artifizialeko sistemek. “Italian debekatu duten ChatGPT-rekin gertatu da: ez da testeatu datu pertsonalen babesa betetzen duen, ez da aztertu zein eragin, kalte edo onura ekar ditzakeen horrelako aplikazio informatiko batek. Zuzenean merkatura joan da eta orain, milioika pertsonak erabili ostean, hasi dira konturatzen agian ez dituela beharrezko baldintza minimo batzuk betetzen”. Hori dela eta, “adimen artifizialaren eta algoritmoen kaxa beltzak zabaltzeko ordua da. Algoritmoek hartutako erabakiek herritarren bizitzak baldintzatzen dituzte eta gaur, Algoritmoen Erregistro Publikoa sortzea adostuz, kaxa beltz horiek zabaltzeko aurrerapausoa eman dugu”.

Adostutakoaren arabera, Jaurlaritzak EAEko Sektore Publikoko Datuen Gobernantzarako Estrategia garatzen jarraituko du eta, oinarri estrategikoen artean, lehenengo urrats bezala, Datuaren Adierazpen Etiko bat onartuko du, Euskal Administrazio Publikoan datuen kudeaketa eta erabilera gidatuko dituzten printzipio etikoak eta balioak bermatzeko. Halaber, “adimen artifizialaren inguruan hartzen diren erabaki guztietan Europako Parlamentuan onartu berri den Artificial Inteligency Act delakoaren oinarriak eta irizpideak kontuan hartuko ditu, giza kontrola barne, datuen erabilera etikoa, segurua, arduratsua eta diskriminaziorik gabekoa bermatzeko”.