AKTUALITATEA


| 2019-06-20 09:36:00

Legebiltzarrak EH Bilduren proposamena onartu eta Durangoko etenik gabeko arreta guneko zerbitzua hobetzeko eskatu die Osasun Sailari eta Osakidetzari; zehazki, Erizaintza zerbitzua indartzeko galdegin die “lan-txanda bakoitzean presentziazko bi erizain egon daitezen, ekitate eta efizientzia irizpideen baitan”.
Rebeka Uberak beharrezkotzat jo du Erizaintza zerbitzua indartzea Durangaldeak azken urteotan izan duen eboluzio demografikoa –Durangon bereziki biztanle kopuruak gora egin du– bat ez datorrelako bat eskualdeko osasun-zerbitzuen bilakaerarekin. “Durangoko etenik gabeko arreta gunea gutxienez 2013tik konpondu gabeko auzia dugu. 2014ko abenduaren 1ean Legebiltzarrak onartu zuen lan-txanda bakoitzean presentziazko erizain bat gehitzea, txanda bakoitzean bi erizain egon zitezen, baina Jaurlaritzak ez zuen Ganbararen agindua bete eta gaur da eguna erizain gehiagoren beharra agerikoa dena, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak ere aitortu bezala”.