AKTUALITATEA


| 2023-11-29 11:52:00

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontu proiektuari, ez diolako erantzuten momentu historiko honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian dagoen ziklo aldaketari, Nerea Kortajarenak azaldu duenez. “Trantsizio handien garai batean bizi gara, eraldaketa prozesu handiak gertatzen ari dira (energetikoa, demografikoa, teknologikoa) eta horren ondorioz datozkigun eszenatokiek ez dute zerikusi handirik izango gaur dugun egoerarekin; aldaketa handiak datoz, eta aurrekontuak aldaketa horiei begira ipini behar genituen, begirada estrategiko horrekin. Gaur inork ez du ukatzen ziklo aldaketa batean gaudela, eta, beraz, ziklo aldaketa baterako aurrekontuak behar genituen; jauzi kualitatibo bat emateko eta politika publikoak berrantolatzeko balio beharko zuten, trantsizio estrategiko horiek eskatzen dituzten eszenatokiak sortzen hasteko”.

Horren ordez, “anbiziorik gabeko aurrekontu batzuk aurkeztuz, betikoa egiten jarraitzea proposatzea” egotzi dio EAJ-PSE Gobernuari. “Egiturazko arazoak metatzen ari dira, Osakidetzan, adibidez, oso nabarmenak direnak, baina aurrekontuen bidez planteatzen duten erantzuna betikoa da, azalekoa. Ez dio arazo horien muinari heltzen eta, hortaz, errotik konpondu gabe uzten ditu”.

Halaber, EH Bilduko bozeramaileak “akordio batera iristeko aukerak esploratzeari uko egitea” ere leporatu dio Lakuari. “Argi dago Gobernuak ez duela akordio bat nahi izan, prozesua hasi ere egin gabe bukatutzat eman zuelako, oposizioarekin hitz egiteari uko eginez”. Kortajarenaren aburuz, “erabaki horrekin Jaurlaritzak berriz erakutsi du ez dela momentua irakurtzen jakiten ari, ez duela ulertzen trantsizio handien garai honetan gobernantza kolaboratiboa ezinbestekoa dela. EAJk eta PSEk, aldiz, txikira jokatzen jarraitzen dute, ez dute ulertu arazoak estrukturalak direnean eta erantzunak ere estrukturalak izan behar direnean, handira jokatzeko unea dela, konplizitate zabalak eraiki behar direla, gainerako alderdiekin ez ezik, gizartearekin berarekin ere. EH Bildun horrela ulertzen genituen datorren urteko aurrekontuak, norabide horretan tresna bat izan beharko zutelakoan”.

Hori guztia kontuan hartuta, koalizio independentistak osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du. Horrekin batera, 61 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, 181 milioi euro mugitzen dituztenak, eta beste hiru zuzenketa egin dizkio Aurrekontuen Legearen artikulatuari, gerakinak erabilita beste horrenbeste diru mobilizatzea ahalbidetuko luketenak.

Zuzenketa partzialek lau ardatz nagusi dituzte:

  1. Zerbitzu publikoak indartzea, fokua batez ere Osakidetzan jarrita, bere gainbehera gelditzea lehentasunezkoa delako, egungo egoera irauli eta osasun sistema publikoa indartzeko.

Zuzenketa nagusiak:

  • Lehen Arreta indartzea: 30M€
  • Itxaron zerrendak murriztea: 45M€
  • Klinika pribatuekiko kontzertuak murriztea: 21,5M€ gutxiago. “Dirutza hori sare publikoan inbertitu behar da, sistemaren pribatizazio progresiboa gelditzeko”.
  • Eskola Publikoaren finantzazioa handitzea: 12,5M€
  • Zaintza sistema. Erresidentzietan bizi eta lan egiten dutenen baldintzak hobetzea: 4,4M€

                         

  1. Bizitzaren garestitzearen ondorioak arintzea. Zuzenketa nagusiak:
  • Etxebizitza: 32M€ alokairua sustatzeko eta hutsik dauden pisuak mobilizatzeko.
  • Pentsioak: 8M€-ko funts bat sortzea pentsio txikiak osatzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.
  • Gutxieneko soldata: 3M€ Administrazioaren menpeko eremuetan 1.400 euroko gutxieneko soldatak bermatu ahal izateko.

 

  1. Trantsizio energetikoa. Zuzenketa nagusiak:
  • Berriztagarriak bultzatzea: 14M€
  • Bono energetikoa sortzea: 12M€
  • Eraginkortasun energetikorako laguntzak handitzea: 15M€

 

  1. Euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzea. 3,3M€ euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada bat emateko.