AKTUALITATEA


| 2022-11-25 13:20:00

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Osasun Sistema Publikoaren sendotasuna bermatu ahal izateko oinarrizkoa delakoan, EH Bilduk osasun prestakuntza espezializatuaren eskumena (MIR sistema, esaterako) euskal instituzioek eskuratzea nahi du, eta ekimena hartu du Legebiltzarrean helburu horrekin. Rebeka Uberak legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Parlamentuak 2023ko lehenengo seihilekoan lege proposamen bat onar dezan “osasun espezialitate guztietako egoiliarren prestakuntzaren eskuduntza eskuratzeko xedearekin, gure gizarteak dituen osasun premiei erantzuteko bitartekoak garatu ahal izateko”. Amiantoaren biktimak konpentsatzeko funtsa sortzeko erabili zen prozedura bera errepikatzea planteatu du Uberak; hau da, Legebiltzarrak lege proposamena Kongresu espainolari helaraztea, han eskumenaren eskualdaketa legez onar dadin.

EH Bilduko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du arlo horretako eskumena transferitzea, “osasun arloko profesionalen prestakuntzaren eskuduntzak EAEk ez izatea arazo bilakatu delako gure Osasun Sistema Publikoarentzat eta, batez ere, herritarrentzat, horrek, besteak beste, ekarri baitu beharrezko dugun profesional kopurua ez edukitzea eta, ondorioz, herritarren premiei behar bezala erantzuteko gero eta arazo gehiago izatea”. Uberaren esanetan, “prestakuntza arloko eskuduntzak izatea oinarrizkoa da osasun sistema sendo bat izateko”.