AKTUALITATEA


| 2022-03-14 13:01:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osasun Sailari Covid iraunkorra edo ‘Long Covid’ delakoa aitortu eta gaixotasun horri begirako diagnostiko, arreta eta jarraipen ibilbidea zehaztu dezala eskatzeko. Halaber, koalizioak eritasun horren inguruan prestakuntzan eta ikerketan sakontzea proposatu du, horretan ari diren erkidegoekin elkarlanean, bai eta Gizarte Segurantzarekin akordio bat lotzea ere laneko bajak kudeatzeko irizpideak bateratzeko.

Rebeka Uberak azaldu duenez, “Covid iraunkorrak jotako pertsonek gaixotasun horren sintomatologia mantentzen dute modu iraunkorrean probetan emaitza negatiboa izan eta gero, eta horrek euren egunerokoa zeharo aldatu eta baldintzatzen du, askotan hankaz gora jartzeraino”. Hala ere, Osasunaren Munduko Erakundeak gaixotasun horren larritasunaz ohartarazi duen arren, Gizarte Segurantzak ez du ofizialki aintzat hartu oraindik, eta hori buruhauste ikaragarri bilakatu da pazienteentzat. “Haientzat borroka etengabea eta amaigabea izaten da diagnostikoa lortzea, laneko bajak kudeatzea eta, oro har, bizitza bera, eta maiz epaitegietara jo behar izaten dute euren eskubideak defendatzeko”.