EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean gerora etxebizitzaren prezioan eragin handia duen lurzoruaren espekulazioaren aurka, praktika horren kontrako mekanismo gehiago behar direlakoan, Unai Fernandez de Betoñok adierazi duenez. “Legebiltzarrak 2006an onartu zuen Lurzoruaren Legeak praktika espekulatiboak amaitzea zeukan helburu, besteak beste, eta Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek ere hirigintza-espekulazioaren aurka jarduteko beharra azpimarratzen dute, baina, hala eta guztiz ere, errealitateak erakusten digu espekulazioak ohiko praktika izaten jarraitzen duela, besteak beste, udal gehienei baliabideak falta zaizkielako legeak horren aurka aritzeko ematen dizkien aukerak baliatzeko, hala nola lurzoruak desjabetzeko”.
Hori dela eta, EH Bilduk espekulazioaren aurkako beste tresna bat txertatu nahi du legedian. Zehazki, Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du, lurzoru urbanizagarriak automatikoki berriz urbanizaezin bihurtzeko, aurreko egoerara itzultzeko, urbanizagarri gisa sailkatu eta 12 urteren buruan urbanizazio obrak hasi ez badira. Era horretan, koalizio abertzaleak hirigintza-plangintzan zehaztutako epeak betearaztea eta lurzoru horiek mobilizatzea lortu nahi du, horrek etxebizitza eskaintza handitzea ekarriko lukeelako, bai eta prezioen garestitzea gelditu ere.
Fernandez de Betoñok azaldu duenez, “batzuetan lurzoruaren jabeak, sustatzaileak, izaten dira epeak luzatzen dituztenak, nahita, higiezinen prezioak aurrerago igoko diren esperoan, geroago lortutako mozkinak handiagoak izango direlakoan. Lurzoru horietako jabe pribatu batzuek uste dute lurzoru horien egoera urbanistikoa ezin dela aldatu, hirigintza-plangintzan zehaztutako epeak betetzen ez dituzten arren. Betirako eskubide gisa ulertzen dute, euren lurzoruak haiei komeni zaienean urbanizatu ditzaketela, denbora mugarik gabe, nahiz eta aspaldidanik urbanizagarriak izan”. Horren ondorioz, “EAEn badira lurzoru ugari aspaldi urbanizagarri gisa klasifikatu zirenak eta oraindik garatu gabe daudenak, urbanizatzen hasi ez direnak. San Prudencio Sur 17. sektorea Armentian, Gasteizen, horren adibide da, baina antzeko kasuak ditugu Zarautzen edota Donostian”.
Jaurlaritza, kontra
Legebiltzarrak EH Bilduren lege proposamena tramitera onartzen duen ala ez eztabaidatzeko du oraindik, baina Jaurlaritzak horren kontra agertu da jada, Fernandez de Betoñok proposatutako lege aldaketa beharrezkoa ez delakoan. Urkulluren Gobernuak ez dio proposamena desegokia denik, Administrazioak tresna nahikoak dituela baizik.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “erantzun horrekin Jaurlaritza begiak ixten ari da espekulazioaren errealitatearen aurrean, eta hori da gobernu batek ezin duena inoiz egin, arazo baten aurrean ez ikusiarena egitea. Agerikoa da Administrazioak praktika espekulatiboak eragozteko dituen mekanismoak motz geratzen direla, emaitzek hala frogatzen dutelako, eta, beraz, ulergaitza da Jaurlaritzak mekanismo horiek indartzea helburu duen ekimen baten tramitazioa blokeatu nahi izatea. EH Bildun, hala ere, espero dugu EAJk eta PSEk bi aldiz pentsatzea eta azkenean gure proposamena tramitera onartzea”.