AKTUALITATEA


| 2023-06-22 10:48:00

EH Bilduk Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du gaur Legebiltzarrean gerora etxebizitzaren prezioan eragin handia duen lurzoruaren espekulazioa eragozteko, praktika horren kontra gaur egun dauden mekanismo legalak nahiko ez  direlako, Unai Fernandez de Betoñok adierazi duenez. Hala eta guztiz ere, Jaurlaritza ekimen horren aurka agertu ostean, EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dute, PPk eta Voxek bezala, eta koalizio independentistaren proposamena tramitatzea galarazi dute.

Fernandez de Betoñok funtsezkotzat jo du lurzoruarekin egiten den espekulazioa eragoztea etxebizitzaren prezioak kontrolatzeko, “lurzoruaren prezioa etxebizitzaren azken prezioaren erdia izaten baita”. Lurzoruaren Legea, 2006koa, aldatu beharra defendatu du, eta gogorarazi du lege horrek xedetzat jo zuela praktika espekulatiboak amaitzea. “Lurzoruaren Legeak ez ezik, Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek ere hirigintza-espekulazioaren aurka jarduteko beharra azpimarratzen dute, baina errealitateak erakusten digu espekulazioak ohiko praktika izaten jarraitzen duela, besteak beste, udal gehienei baliabideak falta zaizkielako legeak horren aurka aritzeko ematen dizkien aukerak baliatzeko, hala nola lurzoruak desjabetzeko”.

Hori dela eta, legedian espekulazioaren aurkako beste tresna bat txertatze aldera, EH Bilduk Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du lurzoru urbanizagarriak automatikoki berriz urbanizaezin bihurtzeko, aurreko egoerara itzultzeko, urbanizagarri gisa sailkatu eta 12 urteren buruan urbanizazio obrak hasi ez badira. Era horretan, koalizioak hirigintza-plangintzan zehaztutako epeak betearaztea eta lurzoru horiek mobilizatzea lortu nahi zuen, horrek etxebizitza eskaintza handitzea ekarriko lukeelako, bai eta prezioen garestitzea gelditu ere.

Fernandez de Betoñok azaldu duenez, “batzuetan lurzoruaren jabeak, sustatzaileak, izaten dira epeak nahita luzatzen dituztenak, higiezinen prezioak aurrerago igoko diren esperoan, geroago lortuko dituzten mozkinak handiagoak izango direlakoan. Lurzoru horietako jabe pribatu batzuek uste dute lurzoru horien egoera urbanistikoa ezin dela aldatu, hirigintza-plangintzan zehaztutako epeak betetzen ez dituzten arren. Betirako eskubide gisa ulertzen dute, euren lurzoruak haiei komeni zaienean urbanizatu ditzaketela, denbora mugarik gabe, nahiz eta aspaldidanik urbanizagarriak izan”. Horren ondorioz, “EAEn badira lurzoru ugari aspaldi urbanizagarri gisa klasifikatu zirenak eta oraindik garatu gabe daudenak, urbanizatzen hasi ez direnak. San Prudencio Sur 17. sektorea Armentian, Gasteizen, horren adibide da, baina antzeko kasuak ditugu Leioan eta Donostian”.

EAJ eta PSE, hala ere, EH Bilduren lege proposamena tramitatzearen aurka agertu dira, Administrazioak tresna nahikoak dituela argudiatu ostean. Fernandez de Betoñoren iritziz, “begiak ixten ari dira espekulazioaren errealitatearen aurrean, eta hori da gobernu batek ezin duena inoiz egin, arazo baten aurrean ez ikusiarena egitea. Agerikoa da Administrazioak praktika espekulatiboak eragozteko dituen mekanismoak motz geratzen direla, emaitzek hala frogatzen dutelako, eta, beraz, ulergaitza da mekanismo horiek indartzea helburu duen ekimen baten tramitazioa blokeatu nahi izatea”.