EH Bilduk lege proposamen bat eramango du bihar Legebiltzarreko osoko bilkurara, alokairu soziala bultzatzea helburu. Zehazki, 2006an onartutako Lurzoruaren Legea aldatzea proposatuko du, hiriko planifikazioan babes publikoko etxebizitza guztien %50, promozio pribatuetan ere bai, alokairura bideratzeko obligazioa txertatzeko.
Izan ere, Unai Fernandez de Betoñok azaldu duenez, 2015eko Etxebizitza Legearen arabera, Administrazioak sustatutako babes publikoko etxebizitza guzti-guztiak alokairura bideratu behar dira derrigorrez, baina udal asko agindu hori saihesteko truku bat erabiltzen ari dira dirua azkar lortzeko: lursailak promotore pribatuei saldu, etxebizitzak haiek eraiki eta saltzeko, alokairuan eskaini beharrean. Gasteizko Udalak, esaterako, gutxienez 6 partzela saldu eta 10 milioi euro baino gehiago eskuratu ditu horrela, promotore pribatuek babes publikoko 450 etxebizitza eraiki eta saldu ahal ditzaten. “Gasteizen –gogorarazi du Fernandez de Betoñok– 9.200 herritarrek izena eman dute Etxebiden alokairu sozial bat eskatzeko, baina, Udalaren datu ofizialen arabera, 90 etxebizitza besterik ez daude libre alokairuaren merkatuan. Eskariaren eta eskaintzaren arteko desoreka ikaragarria da, etxebizitza larrialdia, eta Udala areagotzen ari da gainera”.
Etxebizitza Legea saihesteko truku hori eragozteko, EH Bilduk Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du, jada hiriko planifikazioan babes publikoko etxebizitza guztien erdia, promozio pribatuak barne, alokairuaren merkatura bideratzeko obligazioa ezartzeko. Legebiltzarrak bihar eztabaidatuko du proposamena, baina Jaurlaritza horren kontra azaldu da dagoeneko, lege aldaketa hori justifikaturik ez dagoela argudiatuta. “Antza, Etxebideren zerrendan alokairu sozial bat eskatzen ari diren 61.000 pertsona egotea ez da justifikazio nahikoa. Zenbat behar dira? 80.000? 100.000?”, kritikatu du Fernandez de Betoñok. Gainera, gogora ekarri du bai Gobernu espainolak, bai Nafarroakoak EH Bilduren proposamen bera txertatu nahi dutela euren Etxebizitza legeetan. “Bitxia da PSOEk, Geroa Baik eta PSNk guk planteatzen dugun neurri hori ondo ikustea eta hemen, ordea, Jaurlaritza kontra egotea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du alokairu sozialari bultzada bat ematea, Etxebideren zerrendetan inoiz baino alokairu-eskatzaile gehiago daudelako gaur egun, 61.000 familia-unitate, hain zuzen ere. Eskaintza, aldiz, ez dator bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3 da alokairu babestuko etxebizitzen portzentajea, Europako bataz bestekoa %9 denean eta Frantzian, adibidez, alokairu soziala etxebizitza parke osoaren %14 da.