EH Bilduk akordio zabal bat sustatu du Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Sumarrekin, jai-giroan gertatzen diren eraso sexisten, LGTB+fobikoen eta arrazisten aurka jarduteko. Zehazki, ezker independentistaren proposamen bati jarraituz, Jaurlaritzak, Eudelekin lankidetzan, lantalde bat sortuko du udalekin koordinatuta, eraso matxista eta arrazisten aurka jarduteko esparru-gida bat egiteko. Akordioan jasotakoaren arabera, gizarte-eragileek ere parte hartuko dute lantaldean, zeina udalerri bakoitzaren beharretara egokituko baita, inplikatutako erakunde bakoitzaren rola, eragile desberdinen parte hartzea eta eraso horien aurkako jarduera-protokoloak txertatzeko.
Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren garrantzia azpimarratu du, azken urteotan eraso sexisten, LGTB+fobikoen eta arrazisten salaketek gora egin dutelako, batetik, diskurtso faxistak hauspotu izanak jarrera intoleranteak nolabait justifikatzea ekarri duelako eta, bestetik, horren aurrean kontzientziazio soziala areagotu delako, “pertsona razializatuen kolektiboen, LGTB+ mugimenduaren eta mugimendu feministaren lan nekaezinari esker”.
Arresek azaldu du, “tokian tokiko esperientzia oso egokiak badaude ere”, EH Bilduren ekimenez sortuko den lantaldeak “begirada intersekzionala” emango diola jai-giroko eraso horien aurkako borrokari. “Erasoak gertatzen dira, hori egitate bat da, eta beharrezkoa da horren kontrako ahalik eta mekanismo gehienak aktibatzea. Horretarako behar da gertatzen den horren identifikazioa, ahalik eta zehatzena, begirada kritikoa duen diagnostiko bat, ikuspegi feminista eta intersekzionala eta hau guztia modu komunitarioan eta parte-hartzailean garatzea. Orain da momentua lantaldea martxan jartzeko, uda aurretiko jaietako garaia hasi aurretik. Gaurko akordioarekin mezu argi bat bidaltzen dugu berriz ere: ez dugu inongo eraso sexista, arrazista eta LGTB+fobikorik onartuko”.