AKTUALITATEA


| 2022-09-02 14:46:00

EH Bilduk hauteskunde sindikalen emaitzak errespetatzeko eskatu dio Jaurlaritzari eta, beraz, Lanbideren Administrazio Kontseiluan ELAri eta LABi dagokien ordezkaritza UGTri eta CCOOri emateko erabakia bertan behera utz dezala exijitu dio. Pazis Garciak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean helburu horrekin, pasa den asteartean Lakuako Gobernuak ELAk eta LABek Lanbiden dituzten postuak CCOOri eta UGTri ematea onartu baitzuen. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “Jaurlaritzak atzera egin behar du; erabaki hori antidemokratikoa da, hauteskunde sindikalen bidez egiaztatutako benetako ordezkaritza sindikala errespetatzen ez duelako. Ordezkaritza sindikala hauteskunde sindikaletan langileek aukeratzen dutena da, ez Jaurlaritzak gustuko duena”.

Hori dela eta, Lanbiden atzera egiteko eta sindikatuek benetan duten ordezkaritza demokratikoa bermatzeko eskatu dio Urkulluren Gobernuari. Horren ildotik, Enpleguaren Euskal Legeak Lanbideren Administrazio Kontseiluak hauteskunde sindikaletan demokratikoki egiaztatutako ordezkaritza sindikala errespetatzen duela bermatzeko ere eskatu dio.