EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio Jaurlaritzak La Naval Sestaoko ontziola zaharra, Monumentu Multzoaren kategorian, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko ireki duen espedienteari. Iker Casanovak azaldu duenez, La Navaleko elementuak babesteko Kultura Sailaren espedientea “ez da nahikoa, babestu behar diren hainbat eraikin eta gune kanpoan gelditzen direlako”. Izan ere, ontziolaren bi alboetan dauden elementu batzuk baino ez babestea da Gobernuaren proposamena, eta “jabe berriari –VGP Belgikako taldea– lursailaren gune zentral osoa libre uzten dio nahi duena egin dezan, horrek elementu garrantzitsuak galtzea ekarriko” duelarik.
EH Bilduren alegazioek gune eta elementu gehiago babestea dute helburu, besteak beste, La Navalen ontzigintza berreskuratu ahal izateko, aukera egon badagoelako, Casanovak ziurtatu duenez. Bere ustez, bertako ondare kulturalaren babesa jarduera industriala mantentzearekin uztar daiteke, eta, horretarako, “eraginkorrena ontzigintza berreskuratzea litzateke”.
Federazio independentistaren alegazioak, hain justu ere, helburu horri begira eginda daude. Hala, Casanovak ontziak egiten ziren harmailak kontserbatzea beharrezkotzat jo du, bai eta ontziolaren erdigunean dauden garabiak eta sakabanaturik dauden balio historiko eta arkitektoniko handiko hainbat eraikin ere. Halaber, babes deklarazioa itsasadarraren ondoan dagoen ertz guztira zabaltzea eskatu du.
EH Bilduko legebiltzarkideak La Naval ontziolaren ondarea kontserbatzearen garrantzia azpimarratu du. “Ezin dugu labe garaietatik metro batzuetara dagoela ahaztu, eta hori oso gune garrantzitsua da ikuspuntu historiko batetik, Euskal Herriko industria handia hor jaio zelako; memoriaren espazio babestu bat mantendu behar dugu hor”.