Maider Otamendi eta Ander Rodriguez legebiltzarkideek dei zuzena egin diete gaur Podemos eta, bereziki, PSEri Legebiltzarrean koherentziaz jokatu eta alokairuen prezioak mugatzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamenari bide eman diezaioten. Izan ere, gogorarazi dutenez, bi alderdi horiek alokairuen prezioak mugatzeko neurriak abiatzea adostu dute Gobernu espainolean, hain justu, EH Bilduk proposatutakoa, eta, beraz, “ulertezina litzateke hemen Madrilen sinatu dutenaren kontra egitea eta gure lege proposamenaren tramitazioa eragoztea”.
Madrilen ez bezala, Jaurlaritzan PSE, EAJrekin batera, alokairuen prezioak mugatzearen aurka agertu zen abenduan, EH Bilduren proposamena tramitatzearen kontra, Sanchez eta Iglesiasek gobernu-programa sinatu baino lau egun lehenago. Sinadura horren ostean, hala ere, PSEk atzera egin behar du, Otamendi eta Rodriguezen iritziz, eta bide eman behar dio EH Bilduren proposamenari. “Harremanetan gaude PSErekin zein Podemosekin, uste dugulako aurrerapauso garrantzitsua eman dezakegula etxebizitzen prezioa kontrolatzeko, kasu honetan alokairuei dagokienez. Ulertezina litzateke PSEk hemen blokeatzea Espainian proposatzen ari dena”.
Horren haritik, Rodriguezek galdetu du ea Urkulluren Gobernua “Diaz Ayuso PPkoaren pare jarriko den, alokairuen prezioak mugatzearen aurka”. Gogora ekarri duenez, Madrilgo erkidegoko presidentea intsumiso deklaratu da eta iragarri du ez dituela alokairuen prezioak mugatuko, PSOE-Podemosen gobernu programak dioenaren kontra. Bada, “Urkullu Diaz Ayusorekin lerrokatuko da?”.
EH Bilduko ordezkariek azpimarratu dute euskal instituzioek, inoren zain egon gabe, alokairuen prezioak mugatzeko izan ditzaketen eskumen guztiak baliatu behar dituztela, alokairuen prezioak frenorik gabe ari direlako igotzen eta egoera jasanezina delako. Alemanian eta Frantzian, esaterako, alokairuen prezioak mugatzeko sistemak jarri dituzte martxan jada eta, berriki, Nazio Batuen Erakundeak norabide horretan lan egitea gomendatu die Estatuei. Bada, horixe da EH Bilduk Legebiltzarrean proposatu duena, “lege bat, Euskal Zuzenbide Zibilak ematen dituen aukerak erabiliz, alokairuetan gehienezko prezio bat ezartzeko, betiere etxebizitzaren baldintzak eta ezaugarriak kontuan hartuta”. Maider Otamendik azaldu duenez, gehienezko prezioa ezarriko litzateke “etxebizitza merkatu tenkatua duten eremuetan, hau da, alokairuen garestitzea bereziki larria izan den eremuetan, eta zonalde horietan alokairuak ez lirateke legalak izango prezio horren gainetik”.