AKTUALITATEA


| 2024-01-19 12:15:00

EH Bilduk Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea adostu du EAJ eta PSErekin. Akordioak Jaurlaritzaren hasierako egitasmoa beste norabide batean jartzea ahalbidetu du, Lakuako Gobernuak Legebiltzarrari igorritako lege proiektua aldatu beharra onartuta. Mikel Otero pozik agertu da akordioarekin, “gure helburua txarra zen lege proiektu bat ona izango den lege bihurtzea zen, eta lortu dugu; lege proiektuan funtsezko hobekuntzak txertatu ditugu eta legea bera aberastu egin dugu. Lege honekin gutxieneko oinarri komun bat jartzen ari gara trantsizio energetikoa eta klima aldaketaren aurkako politikak azkartzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “akordioa begirada altxatuz bakarrik izan da posible, hauteskundeen inguruko testuingurua alde batera utzita eta ulertuz politika estrategiko batzuek alderdikeriak alboratzea eta herri gisa pentsatzea eskatzen dutela, eta politika klimatiko-energetikoak halakoxeak dira”.

Oteroren azaldu du “legeak modu integralean helduko diela trantsizio energetikoari eta klima aldaketaren aurkako politikei; hala, elementu orokorrak, jarduteko printzipioak, norabidea, eta abar, jasotzen ditu, baina hori ez ezik, trantsizio energetikoaren hainbat atal ere zehaztu egiten ditu. Lege-marko baten aurrean gaude; hau da, sistema energetikoaren eraldaketan zentratzen da, baina bestelako politikak ere aintzat hartzen ditu, deskarbonizazio prozesuan eta klima aldaketaren aurkako borrokan garrantzia dutenak”.

Legebiltzarkideak EH Bilduk legeari egindako ekarpen nagusien inguruko zehaztapenak eman ditu. Lau ardatz aipatu ditu, lehenik eta behin, erregai fosilen desinbertsio publikorako prozesua. Izan ere, “legeak bide-orria zehaztuko du Jaurlaritzak hidrokarburoen esplorazioan eta ustiaketan dituen aktibo guztiak, bai eta erregai fosilen erabilerarekin lotutakoak ere, sal ditzan hemendik 2030ra bitartean; gainera, salmenta horien bitartez lortzen duen dirua Euskal Energiaren Erakundera bideratu beharko du, energia berriztagarrietan inbertitzeko. Azken batean, behin betiko bultzada ematen diogu Euskal Energiaren Erakundeari, berriztagarrietarako trantsizioaren motorra izan dadin”.

Finantzazioari dagokionez, legeak bi berrikuntza ditu. “Batetik, Gobernuak bere aurrekontuen %2,5 behintzat bideratu beharko du ekintza klimatikoak finantzatzera; bestetik, instalazio berriztagarrien kanona sortuko du, instalazio horiek eragiten duten eremuak konpentsatzeko”. Horren arabera, “parke eolikoak edota fotovoltaikoak eta abar martxan jartzen dituzten enpresek kanon hori ordaindu beharko dute, eta diru hori ingurumen eta gizarte arloko ekintzak finantzatzeko erabiliko da instalazio horiek kokatuta dauden udalerrietan”.

Legeak lortu beharreko helburuak ere zehaztuko ditu: energia berriztagarrien kuotak, isurien eta kontsumo energetikoaren murrizketak, eta abar. Oteroren esanetan, “helburu horiek anbizioa eta errealismoa uztartzen dute; gutxieneko exijenteak jartzen ditu, baina aldi berean atea irekita uzten du planifikazioan anbizioa are handiagoa izan dadin”.

Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, akordio honekin gobernantza-markoa ere nabarmen hobetu da. “Klima bulego bat eta komite zientifiko bat sortuko dira, eta eztabaida prozesu bat irekiko da klimaren inguruko Itun Sozial handi bat lortzeko”.