AKTUALITATEA


| 2022-09-08 12:06:00

EH Bilduk Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legearen aldeko botoa emango du Jaurlaritzarekin eta berau sostengatzen duten bi alderdiekin lortutako akordioaren ostean. Rebeka Uberak iragarri duenez, EH Bilduk baiezkoa emango du, bere ekarpenak hein handi  batean legean txertatzea erdietsi duelako. “EH Bildu beti dago akordioak lortzeko prest, baina beti edukien baitan. Edukiak herritarrentzat onak badira, guretzat ere onak izango dira eta akordioetan egongo gara”.

Kirol Legeak, beraz, EH Bilduk eginiko 91 ekarpenak jasoko ditu, lau ardatz nagusiren bueltan: “Legeak bitartekoak jasoko ditu jarduera fisikoa sustatzeko filosofia hutsetik bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzera pasatzeko, adingabeak babestu eta erdigunean izango dituen eskola adineko kirol hastapen eredu bakarra egituratzeko irizpideak ezarriko ditu, inklusioa garatzeko bide anitzak zehaztuko ditu eta Euskal Herriko lehiaketa markoa egituratzeko bidea irekiko du, betiere nazio ikuspegi batetik”.

Lehenengo ardatza, bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzea: “Gai hau agenda politikoan sartzen da lehenengo aldiz”, azpimarratu du Uberak. “Jaurlaritzak plan estrategiko bat egin beharko du, legealdi hasiera guztietan Legebiltzarrak onartuko duena talde parlamentarioek ekarpenak egin ostean. Planak adingabeak, gazteak eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonak kontuan hartuko ditu bereziki. Legea kiroldegi kontzeptu klasikotik haratago joango da, herrietan zein hirietan kirola egiteko gune ireki, seguru eta egokiak proiektatzeko, eta, adibidez, EAEko bizikleta bideen sarea eraiki eta artikulatuko du”.

Bigarren ardatza, eskola adineko kirola: “Eskola adineko kirola hiru etapatan egituratuko da. Lehenengoa, Haur Hezkuntzakoa, haurrek 6 urte bete arte, jarduera fisikoa eta jolas librea sustatuko duena. Bigarrenean,  6-12 urte artekoa, jarduera fisiko ludikoa eta kirol anitzekoa bermatuko da. Lehiaketak eta entrenamenduak egin ahal izango dira, baina osagarriak izango dira beti. Hirugarren etapan, 12-16 urte artekoan, kirolean parte hartzeko, errendimendu-kirolean hasteko eta kiroleko talentuak eta promesak identifikatzeko ibilbideak garatuko dira”. Uberak erantsi duenez, “etapa guztietan ikastetxeak izango dira kirol hastapenaren ardatz egituratzaileak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan administrazio publikoek programak antolatuko dituzte kirol federatutik kanpo geratzen direnentzat”.

Hirugarren ardatza, inklusioa eta kohesio soziala: “Kirol federazio bakoitzak protokolo bat egingo du, kirol egokituaren euskal federazioarekin lankidetzan, desgaitasuna duten kirolariak eta hauen taldeak ohiko kirol federazioetan sar daitezen, eta inklusioa garatzeko bide anitzak zehaztuko dira, lehiaketa mistoei bidea irekiz, esaterako”.

Laugarren ardatza, Euskal Herriko lehiaketa markoa: “EAEko federazioek txapelketak antolatu ahalko dituzte Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko federazioekin batera, elkarlanean, eta euskal selekzioen parte-hartzea sustatuko dute lehiaketa ofizialetan, nazioartean ere bai”.