EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio berma dezala Arabako upategiek Rioja JDKren porrot egindako estrategia komertzial eta produktiboa alde batera utzita bide propioa hartzeko duten eskubidea. "Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava" jatorri deitura berria sortzeko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurkako epaia ezagutu ondoren, EH Bilduk iragarri du interpelazioa egingo dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari epaia baloratu eta bere sailak eman beharreko pausoak argitu ditzan.
Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ebazpena "oso larria" dela. «Alde batetik, zalantzan jartzen dituelako Jaurlaritzaren legitimitatea eta sinesgarritasuna bere eskumenak gauzatzerakoan, hala nola Jatorrizko Izendapen berriak izapidetzean. Bestalde, Rioja JDK-k sortutako egoera ekonomiko eta komertzial korapilatsuaren aurrean alternatiba berriak aztertzen urteak daramatzaten upategiei babesgabetasuna eragiten dielako», azaldu du Etxebarriak.
Administrazio izapide luze baten ondoren, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailak "Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava" Babestutako Jatorri Deitura berria sortzeko baimena eman eta hiru urtera iritsi da epaia. Sektorearen eskaria da; izan ere, hamarkadak daramatzate ardoen bereizketa argia askatzen, Arabako sektoreari etorkizun bideragarria bermatu ahal izateko.
EH Bilduren ustez, Arabako Errioxako ardoak bereiztea da mahastizaintza eta ardogintza sektorearen bideragarritasuna bermatuko duen bide bakarra. Izan ere, Arabako Errioxako Upategien Elkarteak berak (ABRA) duela gutxi ohartarazi zuen 2015 eta 2023 artean 96 upategi itxi dituztela eskualdean eta 700 lanpostu inguru galdu direla. Itxiera horien arrazoiak honako hauek dira: irabazi-marjinak nabarmen murriztea, mahatsaren prezioak behera egin duelako eta ekoizpen-kostuak handitu direlako eta banatzaile handiek zuzentzen duten Rioja JDKren politika okerra, familia-upeltegiak desabantailan utzi dituztelako.