AKTUALITATEA


| 2025-12-09 13:24:00

EH Bilduk 2026ko aurrekontu-proiektua Jaurlaritzari itzultzeko eskatu du gaur, horren tramitazioan agerian geratu delako EAJ-PSE Gobernuan ez dagoela etxebizitza larrialdiari heltzeko konpromisorik, Pello Otxandianok salatu duenez. Etxebizitzaren arazoa haustura soziala eragiten ari dela ohartarazi ostean, oposizio-buruak premiazkotzat jo du larrialdi horren tamainako inbertsioa egitea aurrekontuen bitartez.

Azaldu duenez, hori izan da EH Bilduk Jaurlaritzari egin dion proposamena: 1.000 milioi euroko funts publiko bat sortzea, erakunde publikoetatik (BEI, ICO) eta interes sozialeko erakunde pribatuetatik (EPSV-BGAE eta banku-fundazioak) 2.000 milioi gehiago mobilizatzea ahalbidetuko lukeena, 10 urtetan etxebizitza-eskariari nahikotasunez erantzun ahal izateko. Jaurlaritzaren erantzuna, baina, negoziazioari ateak ixtea izan da, kritikatu du Otxandianok. Izan ere, Gobernua ez zegoen aurrekontua ezertan aldatzeko prest eta, gainera, EAJk eta PSEk etxebizitzari buruz aurkeztu duten lege proposamena babesteko exijitzen zion EH Bilduri, noiz eta federazio independentistak gai horretaz eginiko zuzenketa guzti-guztiak, ehun guztira, atzera bota dituztenean. “Planteamendu hori egiten denean, argi dago helburua balizko negoziazioa bertan behera uztea dela, erdibideko batera iristea ere baztertuta, une honetan hautu politiko bat dagoelako: EH Bildurekin akordiorik ez”.

Etxebizitza politikaz harago, Otxandianoren irudiko, “aurrekontu hauek, oro har, ez dira gai behar sozialei eta ekonomikoei aurre egiteko eta, arlo batzuetan aurrekontuak igo ahal izateko, beste batzuetan jaitsi beharra dago, hala nola ongizatean, gazterian, erronka demografikoan, nekazaritzan eta arrantzan, eta, etorkizunari begira, egoera hori areagotuko da, diru-sarrerak handitu ezean, zeren eta gizartearen eboluzio soziodemografikoak gastu publikoa handitzea eskatuko du, eta, diru-sarrerak handitu gabe, ezinezkoa izango da zerbitzu publikoak mantentzea, gero eta beharrezkoagoa izango delako arlo batzuetan murrizketak egitea. Gobernuan epe laburreko ikuspegi politikoa nagusitzen da, eta epe ertain-luzekoa sakrifikatu”.