AKTUALITATEA


| 2021-07-09 15:17:00

Rebeka Uberak pasa den astean IVAPeko zuzendaritza nagusian Maite Iruretagoiena ordezkatu zuen Egoitz Labururen agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, Osakidetzako 2018ko oposizioetan atzemandako irregulartasunak ikertu eta argitzeko prozesuan erakunde horrek izan duen jokabidea, kirurgia plastikako espezialitatean bereziki, azaldu eta hemendik aurrera hartuko dituen neurrien berri eman dezan. Izan ere, “LAB sindikatuak gaur bertan egin duen salaketa publikoaren arabera, Iruretagoienaren garaian IVAPeko zuzendaritzak, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren auzian inplikatutako pertsona batzuk babestu nahian, irregulartasunak ikertzen ari den epaitegiari informazio garrantzitsua ezkutatu zion zantzuak egon badaude”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du IVAPeko egungo zuzendariak azalpenak ematea, “Osakidetzako oposizioetan IVAPek izan duen funtzioak ez duelako zerikusirik Iruretagoienak eta Osasun Saileko arduradunek bere garaian Legebiltzarrean esan zutenarekin, zabalik dagoen prozesu judizialean agerian geratu baita Parlamentuan agertu zirenean IVAPek benetan jokatutako papera ezkutatu zutela eta, areago, delitua salatu beharrean, ezkutatzera jo zutela”.