AKTUALITATEA


| 2024-02-05 13:06:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osasun Sailari eskatzeko Irungo anbulatorio berria Oinaurren eraikitzeko lanak has ditzala eta Irun Erdiguneko osasun zentroa handitu eta eraberritzeko proiektua bertako Udalarekin, langileekin eta Bidasoaldeko herri plataformarekin adostu dezala. Rebeka Uberak premiazkotzat jo du Irungo Lehen Arretako zerbitzuak hobetzea, bertako anbulatorioak “zaharkiturik eta txiki geratu direlako”.

Halaber, Uberaren proposamenak anbulatorioen eta herritarren egungo sektorizazioa berrikusteko beharrari ere heltzen dio, banaketa zentzuzkoagoa eta hurbilagoa izan dadin, ez orain bezala, gertutasuna eta irisgarritasuna bermaturik ez daudelako. “Ez da normala erdigunean bizi diren herritarrak Dunboako osasun zentrora bidaltzea, euren bizitza naturala eta garraiobideak kontuan hartu gabe; horrek osasuna sustatzeko ekimen komunitarioak, berebiziko garrantzia dutenak, garatzea zailtzen du”.