AKTUALITATEA


| 2025-02-11 11:14:00

Industria Politikaren Diseinurako Herri Kontseilua sortzeko proposamena aurkeztu du gaur EH Bilduk Legebiltzarrean. Kontseilu horren zeregina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehun industriala indartzeko eta egungo erronkei aurre egiteko estrategia argi bat diseinatzea litzateke.

Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, euskal industriaren egoera gero eta kezkagarriagoa da hainbat sektoretan, eta gertakari batzuek larriagotu egin dute, hala nola Guardianen kasuak Laudion eta Talgon dagoen ziurgabetasunak. Horri nazioarteko testuinguru ezegonkorra gehitu behar zaio, Alemaniako industriaren krisiak eta Estatu Batuen politika ekonomikoak Europan duten eraginak markatutakoa.

Hori horrela, “Jaurlaritza ezin da jarrera erreaktibo batera mugatu”, ohartarazi du Otxandianok,  “ezta maiatzera arte itxaron bere estrategia industriala zehazteko. Euskadik ezagutza eta gaitasun nahikoa ditu bere ehun industrialean politika propioa diseinatzeko, kanpoko aholkularitza-enpresen mende egon gabe”.

Industria politika proaktiboa eta etorkizunera begira dagoena

EH Bilduren ustez, Jaurlaritzak rol proaktiboa hartu behar du, eta ez da mugatu behar euskal industria kanpoko faktoreetatik defendatzera, lehendakariak iragarritako Euskal Industriaren Ekintza eta Defentsarako Taldeak planteatzen duen bezala. Horren ordez, koalizioak anbizio handiko industria politika baten aldeko apustua egin du, sektorearen indarguneak aprobetxatu, ahuleziei aurre egin eta Euskadi merkatu globalean posizio lehiakor batean kokatzeko.

Otxandianoren iritziz, Talgo politika erreaktibo horren adibide da, Jaurlaritzak berandu erreakzionatu baita, krisiari erantzuteko bakarrik, Euskadiren enplegua eta gaitasun industriala babesteko neurriak aldez aurretik aurreikusi beharrean. “Ezin dugu inprobisazioz funtzionatzen jarraitu gure industriaren bideragarritasuna jokoan dagoenean”, nabarmendu du.

Industria Politikaren Diseinurako Herri Kontseilua

EH Bilduren proposamenak, Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eztabaidatuko denak, EAEko eragile ekonomiko eta industrial nagusiak bilduko dituen organo egonkor bat sortzea du xede, estrategia industrial eraginkor bat diseinatu eta koordinatzeko.

Ander Goikoetxea legebiltzarkideak azaldu duenez, “industria politikari lotutako eragile nagusiek osatuko lukete Kontseilua, eta honek aditu talde txiki baten aholkularitza izango luke. Horren helburua 10 urterako industria estrategia garatzea eta urtero batzar espezifikoetan berrikustea izango litzateke”.

Gainera, erantsi du Goikoetxeak, Jaurlaritzarentzat eta Legebiltzarrarentzat proposamenak eta txostenak sortzeaz gain, Kontseiluak egunerokoan aplikagarriak diren neurri zehatzetan ere lan egitea planteatzen dugu. “Sektoreko eragileen artean adostasunak eraikitzea eta babes zabala izan dezaketen proposamen errealistak egitea bilatzen dugu. Gakoa da inplikatutako eragile guztien interesak, ahaleginak eta helburuak bilduko dituen industria politika proaktiboa bultzatzea”.

EH Bilduk ekimen hau eta beste batzuk garatzen jarraituko du datozen asteetan, euskal industria indartzeko eta lehiakortasuna bermatzeko helburuarekin.