Datorren asteartean, hilak 14, Legebiltzarreko Mahaia eratu eta Parlamentu berriaren dinamika aktibatu eta gero, datorren legealdia ezaugarrituko duen logika politikoaren baitan, EH Bilduk hiru batzorde berezi sortzea proposatuko du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan errejenerazio argia behar duten hiru arlori buruz.
Arlo horiek duten izaera politikoa kontuan hartuta, eta hauteskunde-kanpainan alderdi guztiek ezarri zituzten lehentasunekin koherenteak izanik, koalizio independentistak hiru azterketa-batzorde sortzea proposatuko du. Lehena, Osakidetza berriz zutik jartzeko; bigarrena, etxebizitzaren arazoa konponbidean jartzeko, eta hirugarrena, zaintzen politikei buruzko debateari ekiteko, funtsezko arloa baita politika sozialen barruan.
Batzorde eta ponentzien bitartez lehenesten eta ikustarazten dira zein izango diren ildo politiko nagusiak Legebiltzarrean datozen lau urteotan. Bada, EH Bilduren irudiko, Osakidetza, etxebizitza eta zaintzak herritarren arazo eta kezka nagusiak dira, eta gainerako alderdiak ere bat datoz horrekin. Hori dela eta, koalizio subiranistak espero du beste talde parlamentarioek babestuko dutela izaera estrategikoa duten hiru batzorde horiek sortzeko egingo duen proposamena.