EH Bilduk Haur eta Nerabeen Legearen alde bozkatuko du, Jaurlaritzaren jatorrizko lege-proiektuan hainbat hobekuntza egitea EAJ eta PSErekin adostu ostean, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak gaur iragarri duenez. Etxebarrieta pozik agertu da, “legea hobetzea lortu dugulako” eta “orain haurren eta nerabeen interes gorena babesteko tresna berri bat dugulako, eskubidedun subjektu gisa aitortzen dituena; legeak onartzen du haurrak ez direla etorkizunean eskubidedun subjektu bilakatuko diren pertsonak, baizik eta orainean daudela eta orain eskubidedun subjektu direla”.
Legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bilduren ekarpenak hiru atal nagusitan zentratu dira. Lehenik, “berdintasunaren ikuspegiaren zeharkakotasuna txertatu dugu eta bereziki indarkeria matxistaren biktima diren haurren babesa indartu dugu; hala, indarkeria instituzionala onartu da eta genero ikuspegiaren printzipioa kokatu dugu legean”.
Bigarrenik, “jasangarritasuna eta ingurumen arloko eskubideak txertatu ditugu, ingurumen garbian eta ez kutsatuan bizitzeko eta jolas librerako eskubideak printzipiotzat hartuta”. Atal honetan, legeak zenbait muga eta debeku jartzen ditu publizitate arloan: “Iragarkiek ezingo dituzte haur eta nerabeak osasunerako kaltegarriak diren kontsumo, jokabide edo jardueretara bultzatu, hala nola janari laster edo edari energetikoak kontsumitzera”. Eta norabide horretan ere, legeak publizitate sexista debekatuko du, bai eta haurrak edota nerabeak erabiltzea ere janari lasterra eta edari energetikoak publizitatzeko.
Eta hirugarrenik, legeak egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeak babesteko mekanismoak indartuko ditu, EH Bilduren ekarpenen ondorioz. “Haur eta nerabeen pobrezia egoerak prebenitzeko laguntzak bateragarriak izango dira Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin, zainketa aringarriak eskuragarri izango dituzte eta babes psikologikoa Osakidetzan kokatuko da”.