AKTUALITATEA


| 2024-07-12 11:12:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Hezkuntza Sailari eskatzeko Guardiako institutuan 2024-25 ikasturtean ardogintza eta oliogintza erdi mailako gradua ezarri eta eskaini dezala, bai eta hurrengo urteetarako goi mailara zabaldu dezala ere, institutuan horretarako behar diren egokitzapenak eta inbertsioak eginez, betiere Arabar Errioxako toki erakundeekin elkarlanean.

Itxaso Etxebarriak gogora ekarri du Hezkuntza Sailak pasa den apirilean iragarri zuela Guardiako institutuak 2024-25 ikasturtean ardogintza eta oliogintza erdi mailako gradua eskainiko zuela, bai eta goi mailakoa ere, 2025etik aurrera. “Hala ere, hilabete eskas geroago ikusi dugu hori ez zela egiazkoa, eskaintza ez baita gauzatu, eta horren ondorioz, ikasketa horiek eskualdean bertan egin nahi zituztenak aukera hori gabe geratu dira”. Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak apirilean agindutakoa bete dezala eskatu dio Jaurlaritzari, “Arabar Errioxan hazten diren gazteek euren ibilbide profesionala eskualdean egin ahal dezaten, funtsezkoa delako hezkuntza eskaintza anitza, publikoa, hurbila eta kalitatezkoa izatea”.

Horren haritik, erantsi du Etxebarriak, “Guardiako institutuak erdi eta goi mailako Lanbide Heziketaren erdigunea izan beharko luke Kuadrillarentzat, baita upategietan lan egiteko prestatuta dauden pertsonak bideratzeko hazitegia ere”. Izan ere, “eskualdea erreferentea da munduan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean, eta belaunaldi arteko erreleboa bultzatzeko apustuak benetakoa eta eraginkorra izan behar du bertan jaio, hazi eta bizitza profesionala bertan garatu nahi dutenentzat. Belaunaldi berriei hezkuntza eskaintza Kuadrillatik bertatik bermatu behar zaie, munduko eliteentzako formakuntza eskaintzera mugatzen diren proiektuez harago”.