EH Bilduk estatus politikoari buruzko proposamena aurkezteko eskatu die EAJ, Podemos eta PSEri, eztabaida eremu publikora ateratzeko


| 2020-01-31 15:24:00

Mikel Legarda EAJk proposatutako adituaren agerraldiarekin amaitu da Autogobernu Ponentziak erabakitako agerraldien fasea eta orain ez EAJk, ez PSEk, ez Podemosek ez dakite zer egin. Ponentzia berriz biltzeko datarik ere ez dago eta, hori horrela, EH Bilduk eskari argia egin die hiru alderdi horiei: Legebiltzarrak onartutako eta agindutako norabidearen kontra badoa ere, estatus politiko berriaren testu artikulatua adostu dute EAJ, Podemos eta PSEk eta haiei dagokie, beraz, testu hori lege proposamen gisa formalki aurkeztea, horren inguruko eztabaidari bide emateko eta eremu pribatutik publikora ateratzeko, Unai Urruzunok adierazi duenez.
Urruzunok eztabaida hori eta ponentzia bera hiltzen uzteko asmoa egotzi die eta EH Bilduren konpromisoa berretsi du hori hala izan ez dadin. Horren haritik, iragarri du koalizioak sozializazio kanpaina bat abiatu duela estatus politiko berri baterako egiten duen proposamena gizarteratzeko, haren oinarriak, edukia eta helburuak ezagutzera emate aldera. Hala, EH Bilduk zuzenean aurkeztuko die arlo guztietako eragileei eta hitzaldiak eta bestelako ekitaldi publikoak ere antolatuko ditu herri eta hirietan estatus politiko berriaren beharra zertan datzan eta horrek ekarriko lituzkeen onurak azaltzeko. Gainera, ez du baztertu EH Bilduk bere proposamen propioa aurkeztea Legebiltzarrean, baldin eta EAJ, PSE eta Podemosek haiena aurkezteari uko egiten badiote, estatus berriari buruzko eztabaida publikoa ezin delako etengabe atzeratu eta euskal gizarteak argi jakin behar duelako non dagoen gai horretan alderdi bakoitza.
Urruzunok azpimarratu duenez, atzoko greba orokorrak agerian utzi du berriro ere estatus politiko berriaren premia. “Urkulluk esan du greba horretako aldarrikapen asko gure eskuduntzetatik harago doazela, alegia, guk ez dugula erabakitzeko ahalmenik ez pentsioetan ez soldatetan. Hori ez da guztiz egia, Jaurlaritzak, borondatea baldin badu, baduelako egitekorik. Katalunian, esaterako, Generalitatek erabaki politiko irmoa adierazi du gutxieneko soldata 1.239 eurora igotzeko. Baina larriena ez da eskumen falta argudiatzea behar diren neurriak ez hartzeko; larriena da hori esatea eta aldi berean gure eremu konpetentziala zabaltzeari uko egitea. Ez dugu eskumenik, esaten dute, baina aldi berean uko egiten diote eskumen gehiago izateari, hori da gertatzen ari dena eta hori da erabat larria dena”.
Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du EAJ, PSE eta Podemosek adostutako testu artikulatuan ez dagoela erabakitzeko eskubiderik. “Konstatazio bat baino ez da; hala esan dute ponentziatik pasatu diren aditu gehienek. Areago, horietako batek argi azaldu du erabakitzeko eskubidea xedapen gehigarri batean aipatzea, EAJk egin duen moduan, efekturik gabeko desideratum bat, autoengainu bat, baino ez dela, eta EAJk bere burua engainatzea zilegi bada ere, onartezina dena jendea engainatzea da”.
Urruzunoren esanetan, EAJ, PSE eta Podemosek adostutako testu artikulatuan ez dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako botere konpetentziala handitzeko inolako asmorik eta, praktikan, egungo Autonomia Estatutuarekin alderatuta, ia ez dago aldaketarik. “Ez dago gizarte segurantzarik, ez dago lan harremanetarako euskal esparrurik… Zein da aldea 1979ko Estatutuarekin? Hori da erantzun behar duten galdera, eta horri ezin diotenez erantzun egoki bat eman, horren inguruko eztabaida hiltzen utzi nahi dute”.