AKTUALITATEA


| 2023-01-04 11:49:00

Osakidetzan espezialistekin kontsulta bat lortzeko, froga osagarriak egiteko edota kirurgia programatu bat egiteko itxaron zerrendak inoizko luzeenak dira. Hala erakusten dute Osasun Sailak berak emandako datu ofizialek, eta gaur egun Urkullu lehendakariak berak ere ez du ukatzen egoera benetan kezkagarria dela. “Hein handi batean, itxaron zerrendak osasun zerbitzu publikoaren kalitatearen neurgailu dira, herritarrak arrazoizko epean eta garaiz artatuak izatea funtsezkoa baita osasunaz ari garenean”, Rebeka Uberak dioenez. Hori dela eta, erantsi du, “une honetan itxaron zerrendak murriztea lehentasun nagusietako bat da Osakidetzarentzat”.

EH Bilduko legebiltzarkideak helburu horrekin aurkeztu du legez besteko proposamen bat Legebiltzarrean, “epe motzera neurriak hartu beharra dagoelako itxaron zerrenden arazoa lehenbailehen konpontzeko”. Zehazki, ospitale tertziarioak eta eskualdeetakoak koordinatzea proposatu du “kontsultak, froga osagarriak eta kirurgia programatuak elkarren artean banatzeko, ESI bateko pazienteak beste ESI batean artatu ahal izateko, betiere pazienteak ados baldin badaude. Salbuespenezko eta behin-behineko neurria litzateke hau, itxaron zerrendak parametro onargarrietara jaitsi arte”. Halaber, arratsaldeko ohiko txanda ezartzea eta bloke kirurgikoen erabilera areagotzeko irizpideak aztertzea proposatu du.

Bigarrenik, behin itxaron zerrendak estandar normaletara jaitsi ostean, Uberak Osasun Sailari eskatzen dio Osakidetzak eta ESIetako zuzendaritzek zerrendak kudeatzeko irizpideak eta prozesuak bateratu eta adostu ditzatela, pazienteak denboran eta garaiz artatu ahal izateko, eta prozesu horretan herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten formulak martxan jar ditzatela.