AKTUALITATEA


| 2019-10-22 13:44:00

Indarkeria matxistaren biktimengan izango lukeen eragin guztiz kaltegarriak kezkatuta, EH Bilduk aurrea hartu du Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) erreforma bertan behera uzteko, EAJ eta PSEk aurkeztutako proposamena erretiratzeko. Oihana Etxebarrieta eta Nerea Kortajarenak iragarri dutenez, koalizioak proposatuko du Legebiltzarrean inoiz erabili ez den mekanismo bat aktibatzea, Erregelamenduaren 152. artikulua, hain zuzen, Osoko Bilkuran aldez aurretik aintzat hartutako lege proposamen bat bertan behera uztea ahalbidetzen duena, gutxienez bi taldek hala eskatu eta Osoko Bilkurak onartzen badu.
EH Bilduko legebiltzarkideek salatu dutenez, DBEren erreformak ezin du aurrera egin “orain arteko tramitazioan agerian geratu delako EAJ eta PSEren proposamenak indarkeria matxistaren biktimak babestu baino, gero eta babesgabeago uzten dituela errealitate horren inguruko irakurketa murritza eta baztertzailea egiten duelako”.
Lehenik eta behin, EAJ eta PSEk bere egin dute VOXen terminologia, matxismoaren biktimei dagokienez, erreforma “indarkeria intrafamiliarraren markoan” kokatuta. Gainera, ez dute Istanbulgo Hitzarmena aintzat hartzen, ez eta Berdintasun Legea ere, “1995eko Zigor Kodearen irakurketa atzeratuan oinarritzen direlako”. Horren haritik, Etxebarrietak gogora ekarri du Arartekoak berak gogor kritikatu duela Gobernuko alderdien proposamena, “ez duelako Istanbulgo Hitzarmenak aipatzen dituen biktima guztien babesa bermatzen”.
Indarkeria matxistaz hitz egin beharrean, indarkeria infrafamiliarraz hitz egiteak ondorio praktiko larriak ditu, Etxebarrietak ohartarazi duenez. Hala, “lan esparruan gertatzen diren eraso matxisten biktimek ezingo dute DBE eskuratu, bizirauteko lana utzi baldin badute”.
EAJ-PSEren proposamenak “akats sistemikoak” ditu eta indarkeria matxistaren biktimen babes politiketan oinarrizkoak diren hainbat printzipio urratzen ditu. Esaterako, biktimak salaketa judiziala egitera behartzen ditu Lanbiden DBE jaso ahal izateko, nahiz eta Berdintasun Legearen erreforman Jaurlaritzak baldintza hori ezabatzea planteatzen duen, biktimen babesa areagotzeko nahikoa izan dadin gizarte zerbitzuek hori baieztatzea. “Lanbiden ere norabide horretan joan ordez, atzera egitea proposatzen dute EAJ eta PSEk, biktimei traba gehiago jarrita, eta hori oso larria da. Arartekoak berak esan du: erreklamazio judizial horiek arriskuan jar ditzakete emakume horien bizitzak”.
Erroldatze epeari dagokionez, Lanbidek ziurtatu zuen bere garaian indarkeria matxistaren biktimek urtebete baino ez zutela beharko DBE kobratu ahal izateko, baina EAJ-PSEren proposamenak hiru urte eskatzen ditu. “Zer gertatzen da orduan salerosketaren biktimekin? Zer emakume etorkinekin? Zer bizitza salbatzeko EAEtik ihesi atera behar izan duten emakumeekin?”, kritikatu du Etxebarrietak horren harira.
EAJ-PSEk planteatzen duten erreformaren ondorio larrien zerrenda amaigabea da, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez. Beste adibide bat: euren etxeetatik ihesean babeslekua etxebizitza publikoetan aurkitu duten emakumeek ere ezin izango lukete DBE eskatu, eta etxebizitza pribatu partekatu batera joan direnek 634 euro jasoko lituzkete, seme-alaba bat izanez gero, gaur egoera horretan daudenentzako DBE 905 eurokoa denean. “Nora joango dira 634 eurorekin? Zer nolako bizitza proiektu independentea garatu ahal izango dute?”.
“Honelako baldintzekin –salatu du Etxebarrietak– EAJ-PSEren proposamenak ez die indarkeria matxistaren biktimei lagunduko; are okerrago, arriskuan jartzen ditu, erasotzailea salatzera eta harekin harreman ekonomiko bat mantentzera derrigortzen dituelako”.