AKTUALITATEA


| 2023-07-19 13:20:00

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) hasi bezain laster atzemandako akatsak direla eta, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio jada Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, eta bermeak eskatu oposizioetan gardentasuna eta aukera berdintasuna ziurtatzeko. Ubera kezkatuta agertu da gainera LEP honetan “etor daitekeenarekin”, bere iritziz, “akatsak eta arazoak biderkatzeko arrisku handia dagoelako”. Hortaz, “Osakidetzak neurriak hartu behar ditu derrigorrez, akatsak ez errepikatzeko, eta Sagarduik bere arduratik ihes egiteari utzi behar dio; ezin du beti esan errua beste batena dela, orain berriz ere egin duen bezala, akatsak epaimahaiei egotzita. Bada garaia erantzukizunak bere gain hartzeko”.

“Neurriak berehala hartu ezean, akatsak eta arazoak errepikatuko dira”, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Orain arte lau kategoria txikiko azterketak bakarrik egin dira, eta akatsak aitortu ditu Sagarduik, baina udazkenean gainerako azterketa guztiak, kategoria handienei dagozkienak, hala nola erizainak, erizain laguntzaileak, zeladoreak eta administrazio laguntzaileak, egin beharko dira; milaka eta milaka langile aurkeztuko dira oposizio horietara, eta tramiteak uda betean egin beharko dituzte; hau da, Osakidetzak oposizioa egiteko izena eman duten langile onartuen zerrenda argitaratu eta epe bat irekiko du merituak (prestakuntza, ikastaroak, tituluak) aurkez ditzaten, eta horren ostean dokumentazio hori guztia kontrastatu eta konpultsatu beharko du Osakidetzak. Ezinbestekoa da tramite horiek guztiak egiteko epeak egokiak izatea, prozesuan gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko”.

“Horregatik eskatu diogu Sagarduiri argitzeko noiz argitaratuko duen onartuen zerrenda, noiz irekiko duen epea merituak aurkezteko eta zenbat egun emango dituen dokumentazioa aurkezteko eta horren inguruko izapide guztiak egiteko. Milaka langile izango dira eta ezin zaie eskatu uda betean presaka eta korrika ibiltzeko, eta gauza bera esan daiteke Osakidetzan izapide horietaz arduratuko diren langileei buruz. Behar besteko denbora eman behar zaie batzuei zein besteei, prozedura berme guztiekin egin ahal izateko eta sistema ez kolapsatzeko”.