EH Bilduk benetako Osasun Plan bat aurkez dezala eskatu dio Gotzone Sagardui sailburuari, Legebiltzarra egiten ari den 2030 Osasun Planari buruzko eztabaida monografikoan. Rebeka Uberaren hitzetan, “tristura handiz esan behar dugu Plan hau kea besterik ez dela, dokumentu filosofiko bat, asmo onen zerrenda bat, non ez diren konpromisoak jasotzen, non ez diren ekimenak zehazten, non ez diren betetze maila neurtzeko adierazleak zehazten; eta zer esan finantzazioaz, Osasun Sailaren aurrekontuaren deskribapena baino ez du egiten. Horretarako ez dugu Osasun Plan bat behar. Areago, aurreko planarekin alderatuta, atzerapauso bat da; aurrekoak ekimenak, betetze maila neurtzeko adierazleak eta epeak zehazten zituen, baina oraingoan, aldiz, ez dago horrelako zehaztasunik. Bada, hobe izango zen aurrekoa mantentzea”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak hiru hilabeteko epean benetako Osasun Plan bat aurkezteko eskatu dio Sagarduiri, Osasun Publikoan adituak eta arituak diren profesionalen elkarlanaren emaitza izango dena, helburuak ordenatu eta zehaztuko dituena, helburu horiek lortzeko neurriak, adierazle zehatzak eta kronograma jasoko dituena eta ekintza horiek gauzatzeko ardura izango duten erakundeak zein izango diren argi utziko duena.