AKTUALITATEA


| 2024-11-14 14:30:00

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari, Legebiltzarreko bide ofizialetatik, Santutxuko Karitate Alabak Begoñako Andramari ikastetxean gertatutako bullying kasuaren inguruan. Izan ere, Bilboko Lehen Auzialdiko epaitegi batek aipatutako ikastetxea zigortu du eskola-jazarpen kasu baten aurrean ezer ez egiteagatik, eta ikastetxeak 40.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio biktimaren familiari. Arreseren ustez, “agerikoa da kasu honetan eskola-jazarpenaren aurkako protokoloak huts egin duela eta, beraz, Hezkuntza Sailak azalpenak eman behar ditu. Zergatik protokolo horrek ez zuen ezer larririk atzeman?”.

EH Bilduko legebiltzarkideak galdera sorta bat erroldatu du jada “Hezkuntza Sailak argitu dezan noiz izan zuen kasu horren berri eta zein izan ziren harrezkeroztik hartu zituen neurriak, biktimaren familiak, eskolaren utzikeria ikusirik, Sailarengana jo zuelako”. Arreseren iritziz, Hezkuntza Sailak azaldu behar du “zergatik ez zuen ezer larririk atzeman, Santutxuko ikastetxe hori zigortzeko asmoa duen eta zein nolako neurriak hartuko dituen hemendik aurrera eskola horrek bullying eta edozein motatako jazarpenaren kontrako jarrera irmoa izan dezan”.