Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko gutxieneko soldata bat ezarri beharra aldarrikatu du gaur EH Bilduk, hemen hori delako Europako Karta Sozialaren irizpideen arabera (bataz besteko soldataren %60) aplikatu beharko litzatekeen zenbatekoa, eta, hortaz, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian enpresarien eta sindikatuen arteko akordio bat sustatu dezala eskatu dio Jaurlaritzari, euskal errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata hori onartzeko. Alde horretatik, Arkaitz Rodriguezek Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuari enpresariak eta sindikatuak deitzeko eskatu dio, “1.400 euroko gutxieneko soldata jasoko duen akordio interprofesional bat sustatzeko”. Izan ere, “gehiengo sindikala alde dago, gehiengo soziala alde dago eta, itxura batean, behintzat, gehiengo politikoa ere bai”, 2022ko aurrekontuetan Jaurlaritzak akordio hori sustatzea adostu zuelako EH Bildurekin.
Gobernu espainolak 1.080 eurora igo du duela gutxi gutxieneko soldata, baina hori, pozgarria izanda ere, ez da nahiko Euskal Herrirako, “hemen –azaldu du Arkaitz Rodriguezek– bataz besteko soldata Estatukoa baino %20 inguru altuagoa delako eta bizitza ere %20 inguru garestiagoa delako. Espainian ezarri berri duten gutxieneko soldatak hemen ez ditu Europako Karta Sozialaren irizpideak betetzen, hemen beharko genukeena baino %20 inguru baxuagoa da, Europako Karta Sozialaren irizpideei jarraiki, hemen gutxieneko soldatak 1.400 eurokoa beharko luke”.
EH Bilduko legebiltzarkideak defizit horren ondorioez ohartarazi du. “Madrilgo Gobernuak onartutako 1.080 euroko gutxieneko soldata horrek gure herrian ez du balio genero eta belaunaldi arteko arrakalak gutxitzeko, lan merkatuko arrakalak sakontzeko baizik. Arrakala horiek gazteei, etorkinei eta, bereziki, emakumeei eragiten diete eta, beraz, gure herrian gutxieneko soldata halako maila apalean mantentzea sektore horiei bizkarra ematea da, eta ez pentsa lau katu direnik, gaur gaurkoz, EAEn 285.000 pertsonak gutxienez dira 1.400 euro baino gutxiago kobratzen dutelako”.
Rodriguezek lidergo politikoa eskatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko gutxieneko soldata ‘de facto’ ezartzeko, “burujabetza faltagatik” euskal instituzioek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumenik ez duten arren, akordio interprofesional baten bitartez onartzeko aukera dagoelako. Halaber, erantsi du, Administrazioaren esleipenetan baldintza hori finkatu daiteke; soldata gutxienez 1.400 eurokoa izango dela, alegia. Beraz, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “eskumenik gabe ere egin liteke, borondate politikorik badago. Burujabetzarik ezean, lidergo politikoa”.
Gutxieneko soldatarena “burujabetza behar dugulako adibide bat da, beste bat, gure errealitate sozio-ekonomikoari egokituko zaizkion politikak eta neurriak erabaki ahal izateko”. Azken batean, “geure buruaren jabe izan behar dugu bizimodu duinak bermatu ahal izateko, burujabetza lan baldintza, pentsio edota soldata hobeen sinonimoa baita. Burujabetzari uko egitea soldatak, pentsioak eta ongizatea, oro har, hobetzeko aukerari uko egitea da”.