AKTUALITATEA


| 2022-03-10 13:15:00

EH Bilduren mozio bati jarraituz, Legebiltzarrak Lakua eta Madrilgo gobernuei “Lan Ikuskaritzaren transferentzia osoa, beharrezko giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzeko gaitasuna barne”, negoziatzeko eskatu die, “kalitatezko enplegua bermatzeko ematen den zerbitzua hobetzeko”.

Pazis Garciak ohartarazi duenez, Lan Ikuskaritzaren transferentzia partzialak, 2012koak, ez du ekarri egoerak eskatzen duen tamainako indartze prozesu bat funtsezkoa den zerbitzu horretan, eta transferentzia osoak, aldiz, arlo horretan egin beharreko urratsak egitea ahalbidetuko du. Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat eta premiazkotzat jo du Lan Ikuskaritza indartzea, “lan istripuei buruzko datuek agerian uzten baitute prebentzio sistema eta laneko arriskuak saihesteko politika publikoak ez direla behar bezala funtzionatzen ari, eta horrek lotura zuzena du Lan Ikuskaritzaren baliabide faltarekin”.

Prekarietatea, batetik, eta prebentzioari buruzko legea ez betetzea, bestetik, lan istripuen kopuru handia azaltzen duten faktore nagusiak dira, eta hori aldatzeko berebiziko garrantzia du Lan Ikuskaritzaren lanak, legea betetzen ez duten enpresen gaineko kontrol eraginkorra bermatzeko.