AKTUALITATEA


| 2022-11-17 15:57:00

Herritar guztiek ingurumen osasuntsu batean bizitzeko eskubidea dutela jakinik, EH Bilduk Legutioko bizilagunak, Urrunagan bizi direnak bereziki, pairatzen ari diren kutsadura arazoak konpontzeko akordio bat sustatu du gaur Legebiltzarrean. Izan ere, Goiango industrialdean dauden OTUA taldearen faktoriak, potentzialki kutsakor gisa sailkatuak, zarata eta aire kutsadura eragiten ari dira inguruan, Urrunagan batez ere, “eta azken urteotan okerrera egiten ari da”, Mikel Oterok ohartarazi duenez, “Goiainen enpresa kutsakorren kopurua eta jarduna handitu direlako”. Horren ildotik, erantsi du, “nazioarteko zabor turismo bat dago, zeren Legutiora, enpresa horietara, hondakinak iristen ari baitira Frantziatik, Italiatik, Belgikatik, Irlandatik eta Amerikako Estatu Batuetatik ere. Areago, enpresaren batean kudeatzen diren hondakinen erdia baino gehiago atzerritik datoz. Beraz, kasu batzuetan ekonomia zirkularraz baino gehiago, hondakinen zirkulazio etengabeaz hitz egin beharko genuke”.

Enpresa horien jarduna, inguruko bizilagunek behin eta berriz salatutakoa, sortzen ari den arazoak premiaz konpondu beharrekoak direla jabeturik, EH Bilduk sustatutako akordioaren arabera, Legutioko Udalak erakundeen arteko mahai bat gidatuko du, Goiaingo eremuko intzidentzia horiekin zerikusia duten administrazio guztiek, bakoitzak bere eskumenetan oinarrituta, kutsadura arazoak ahalik eta lasterren konpontzeko behar diren neurriak adostu eta har ditzaten, neurri zuzentzaileak eta Legutioko hiri-plangintza bateragarri eginez.