AKTUALITATEA


| 2019-05-30 15:04:00

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek justiziarentzako preskribituta dauden haurren kontrako sexu abusuak ikertzeko ponentzia bat sortzea proposatu dute gaur. Proposamena aurkeztu duten taldeen iritziko, Legebiltzarrak erantzun politiko eta instituzionalak eman behar dizkie sexu abusuen biktima izan diren pertsonei, are gehiago Justiziaren arloan kasu gehienak preskribaturik daudela kontuan hartzen bada. Proposamenaren aurkezpena egin zenean Garaitza, Save the Children eta Infancia Robada elkarteek parte hartu zuten, eta gaurkoan Osoko Bilkuran ere presente egon dira. Gaurtik aurrera, eragile, aditu eta biktima izandako pertsonen agerraldiak eskatzeko tartea irekiko da, eta ponentziaren lana ahal bezain arinen martxan jartzea espero da.
Oihana Etxebarrietak adierazi duenez, “biktimekin genuen zor bat zen hau. Berandu gatoz, baina hemen gaude, talde guztiek alde bozkatu duten proposamen batekin. Hau elkarteek eta biktima izandako pertsonek egindako lanari esker izan da”. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Aranak “bide judiziala garrantzitsua bada ere, ez da bakarra; badaude biktimen egia aitortzeko eta jendarte bezala prebentziorako ditugun tresnen gainean hausnartzeko eta berriz ez errepikatzeko bermeak ezartzeko moduak, eta hori izango da hain justu proposatu dugun ponentzia parlamentarioaren lana. Izan ere, hainbat biktimek eskatzen dute gertatutakoa aitortzea, egungo zein etorkizuneko haurrei berriz ez gertatzeko bermeak jartzea eta biktimei babesa emateko bitartekoak ipintzea” gaineratu du.
Hala, ponentziak, besteak beste, prebentziorako, detekzio goiztiarrerako, babeserako, berriz ez errepikatzeko bermeak ezartzeko eta erreparaziorako elementuak identifikatuko ditu eta giza eskubideen urraketa larria diren haurren kontrako abusuen gaineko egia eraikitzeko eta memoria kolektibo eta historikorako ekarpena egingo du. Pausu hau oso garrantzitsua da, eremu publikotik aztertu eta landuko delako, duela urte batzuk arte, eremu pribatuko arazo puntual bezala identifikatzen zen hori.