AKTUALITATEA


| 2019-09-06 12:56:00

EH Bilduk euskara jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena aurkeztu zuen 2018ko urrian eta gainerako talde parlamentarioek aurkeztutako zuzenketei buruzko eztabaida martxan da jada Legebiltzarrean. Marko horretan, ponentzian, koalizio independentista eta Elkarrekin Podemos akordio batera iritsi dira euskara ikastea doakoa izan dadin C1 maila (EGA zena) lortu arte, Lander Martinezen taldeak proposatu zuen moduan. Martinezek berak eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak bi taldeen arteko akordioaren garrantzia nabarmendu dute gaur goizean eta dei egin diete EAJ zein PSEri akordio horrekin bat egin dezaten, euskalgintzan ere adostasuna erabatekoa delako horren inguruan. Esan dutenez, “euskara indarrez bultzatzeko aukera paregabea dugu, adostasun zabal-zabala lortuta eta bide berriak irekita”, hizkuntza politikan urteetan ezarrita egon den “abertzale eta ez abertzaleen arteko dikotomia” historikoa gainditzen dituztenak.
Horren haritik, Uberak azpimarratu du euskara ez dela inorena, guztiona baizik; bakoitzak bere arrazoiak izan ditzake euskara ikasteko eta euskara ikastea doakoa bilakatzeak ez du inor kaltetzen; guztiok irabazten dugu horrela, elkarbizitzan, kohesioan, administrazio publikoan, esparru guztietan. Lortu dugun akordioa jauzi kualitatiboa da eta onura besterik ez du ekarriko gizartean, euskararen ezagutzan eta erabilpenean bultzada emateko”.
Martinezek, bestalde, gogora ekarri du euskara ikastea C1 mailara arte doakoa izan dadila lehentasuna izan dela beti Elkarrekin Podemosentzat eta, ondorioz, EH Bildurekiko akordioa garrantzitsutzat jo du, “euskara ikasteko eta jakiteko eskubidea babesten duelako eta prozesu hori oztopatu dezaketen muga ekonomikoak ezabatzen dituelako”. Azaldu duenez, legea onartuz gero, egun indarrean dagoen diru-laguntzen sistema, “doakotasuna bermatzen ez duena eta diglosian sakondu besterik egiten ez duena, alegia”, gaindituko litzateke.
Euskararen doakotasunetik harago, EH Bildu-Elkarrekin Podemos akordioak bestelako neurriak ere jasotzen ditu, hala nola, Administrazio Publikoa euskalduntzeko baliabideak handitzea, lan munduan euskararen erabilpena sustatzea eta etorkinei euskara ikasteko aukera gehiago ematea.