AKTUALITATEA


| 2024-03-14 13:43:00

EAJk eta PSEk Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Mahaian duten gehiengoa baliatu dute gaur EH Bilduk Gasteizen Larrialdiak indartzeko aurkeztutako proposamena atzera botatzeko. Tramitera onartzeari uko egin diote eta, beraz, horren inguruko eztabaida bera galarazi dute, Txagorritxun egoera benetan txarra izan arren, Rebeka Uberak ohartarazi duenez. “Aste honetan bertan, astelehenean, hain zuzen ere, Txagorritxuko Larrialdiak kolapsaturik egon ziren berriz ere, eta pazienteek zazpi-bederatzi ordu arteko itxaronaldiak jasan behar izan zituzten. Besteak beste, horrelakoak konpontzea du helburu gure proposamenak, eta ulertezina da EAJk eta PSEk eztabaida bera ere galaraztea”.

Gobernukideek Txagorritxun egoera zein Osakidetzaren planifikazioa ez direla berriak argudiatu dute EH Bilduren ekimena atzera botatzeko, hori hala izanik horretaz eztabaidatzea ez dela premiazkoa uste dutelako. “Egoera ez da berria, Osakidetzak hilabete honetan Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako Larrialdiak bateratzeko asmoa duela jakina baita, baina bai dela larria. Are larriagoa, berria ez delako, hain justu, eta ulertezina da, Gasteizko Larrialdietan egoera txarra dela guztiok dakigunean, EAJk eta PSEk konponbideak eztabaidatzeari uko egitea. Aurrekanpaina honetan ia egunero esaten dute Osakidetza indartzeko konpromiso osoa dutela, baina gaur hartu duten erabakiak oso argi uzten du hitzak baino ez direla, ez dutela inolako borondaterik Osakidetzan gauzak aldatzeko eta azken urteotan larriagotu den gainbehera iraultzeko”.

Uberak azaldu duenez, EH Bilduk Larrialdietako profesionalekin kontrastatu du bere proposamena, azken batean haiek direlako hobekien ezagutzen dutenak zein den eguneroko errealitatea. Alde horretatik, ohartarazi du, “Txagorritxun Larrialdien egoera gero eta kezkagarriagoa da, pazienteen segurtasun klinikoa arriskuan egoteraino, langile falta egiturazko bilakatu delako, eta neurriak premiaz hartu ezean, egoerak okerrera egingo du, Osakidetzak Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako Larrialdi zerbitzuak martxoa amaitu aurretik Txagorritxun zentralizatu eta bateratzeko asmoa duelako, baina orain arte Santiagon aritu diren erizainei ez die lanpostua Txagorritxun bermatuko”.

Hori dela eta, EH Bilduk, besteak beste, Gasteizko Larrialdi zerbitzuen plantilla indartzea proposatzen zuen, baina azkenean, EAJren eta PSEren betoaren ondorioz, ezin izango da eztabaidatu. Zehazki, “orain arte Santiago Ospitaleko Larrialdietan jarduten diren erizainei Txagorritxun kontratu luze, egonkor eta erakargarriak bermatzeko eskatzen zion koalizio subiranistak Osakidetzari, bai eta Txagorritxun egonkortze ekipo bat premiaz ezartzea ere. “Egun ez dago horrelakorik ekipo bat –salatu du Uberak– eta, ondorioz, oso egoera larrian dagoen paziente bat egonkortu behar dutenean beste pazienteak artatzeari utzi behar izaten diote, horrek dituen ondorio guztiekin. Egonkortze ekipo hori sortzea erabakigarria litzateke, beraz, paziente guztien segurtasuna bermatzeko”.