AKTUALITATEA


| 2021-10-13 13:34:00

EAJk, PSEk eta PPk adostu duten Herri Kontuen Epaitegiaren Legearen erreforma “higiene demokratikoaren aurkakoa” delakoan, EH Bilduk kontrako botoa eman dio gaur. Josu Estarronak azaldu duenez, EH Bilduk duela sei urte proposatu zuen lege hori aldatzea Kontuen Epaitegiari gardentasuna, objektibotasuna eta independentzia emateko, bai eta Jose Luis Bilbao jeltzalearena bezalako kasuak eragozteko ere, Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia izatetik epaitegi horretako presidentea izatera pasatu baitzen egun batetik bestera; hau da, diputatua izatetik bere Aldundiaren beraren kontuak kontrolatu eta fiskalizatzeko ardura duen erakundeko burua izatera.

Tramitazio parlamentarioan zehar parte hartu duten adituek argi utzi dute legean badagoela zer hobetu Kontuen Epaitegia interes alderdikoietatik aldentzeko eta haren independentzia bermatzeko, baina EAJ, PSE eta PPren arteko akordioa ez doa norabide horretan, adostu dutena, Estarronaren hitzetan, “kromo aldaketa bat baino ez delako”. Izan ere, “kargu batzuk banatuko dituzte haien artean, Legebiltzarrean dagoen proportzionaltasuna errespetatu gabe gainera”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, akordio hori “porrot handia” da. “Beste erkidego batzuetako Kontuen Epaitegietan ez bezala, hemen ez dituzte gutxieneko baldintza profesional batzuk ipini bertako kide izateko eta Jose Luis Bilbaoren kasua errepikatu ahalko da, ate birakariak onartzen dituztelako. Gizarteak gero eta neurri gehiago, irmotasun handiagoa, erabateko gardentasuna eta baliabide publikoen kudeaketa inpolutoa eskatzen dituen honetan, makillaje triste bat egingo diote Herri Kontuen Epaitegiaren Legeari, zeozer aldatuko dela itxura emanez baina oinarrian ezer aldatu gabe”.