AKTUALITATEA


| 2023-11-22 12:11:00

Jaurlaritza ez da Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana betetzen ari, salatu du gaur EH Bilduk. Izan ere, plan horrek dioenaren kontra, EAEk gutxienez 387.165 tona hondakin bidaltzen ditu urtean Estatuko beste erkidego batzuetara, batez ere Kantabriako, Errioxako, Gaztela-Leongo eta Nafarroako zabortegietara. Valentziak bakarrik esportatzen ditu EAEk baino hondakin gehiago. Datu ofizialak dira, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak 2021eko irailetik 2022ko irailera bitartean bildu eta Hondakinak Kudeatzeko Plan Markoan (PEMAR) jaso dituenak.

Mikel Oterok datu horrek duen larritasunaz ohartarazi du: “Agerian uzten du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen diren hondakinen kudeaketa penagarria dela, horretarako behar diren azpiegiturak falta direlako”. Adierazi duenez, “Zaldibarren kudeaketa eredu bat bertan behera erori zen eta harrezkeroztik Jaurlaritzak ez du inolako soluziorik eta inolako alternatibarik ipini, dagoeneko lau urte igaro diren arren. Emaitza bistakoa da, Ministerioaren txostenean agertzen dena: 400.000 tona hondakin kanpora bidali behar dira, hemen ezin ditugulako tratatu. Irudia oso grafikoa da: 20.000 trailer hondakinez beteta, kamioi-ilara bat Gasteiztik Madrileraino”. Gainera, erantsi du, “benetako kopurua are altuagoa da, Ministerioak ez dituelako esportatzen ditugun hondakin guzti-guztiak kontuan hartu; aldez aurretik jakinarazten diren eta prozedura elektronikoaren bitartez komunikatzen diren mugimenduak bakarrik zenbatu ditu”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, “400.000 tona hondakin esportatu behar izatea porrot handia da, eta argi uzten du Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana ez dela betetzen ari, plan horren printzipio nagusietariko bat autosufizientzia delako; hau da, printzipio horren arabera, hemen sortzen diren hondakinak tratatzeko behar adinako instalazio eduki behar ditugu, kanpora bidali behar ez izateko eta garraioari lotutako ingurumen-arriskuak minimizatzeko”.

Oterok horren inguruko azalpenak eskatu dizkio jada Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburuari, argitu dezan zein den guztira EAEk esportatzen dituen hondakin kopuru osoa, zergatik gertatzen ari den hori eta, azkenik, zer nolako neurriak hartu edo hartuko dituen arazo hori konpontzeko.