EH Bildu akordio batera heldu da EAJ eta PSErekin urtea amaitu aurretik Diru-Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legea onartzeko eta enpresen deslokalizazioak eragozteko neurriak lege horretan txertatzeko. Akordio horren arabera, pasa den martxoan koalizio independentistak proposatu bezala, enpresek azken zortzi urteotan jasotako diru-laguntza publikoak itzuli beharko dituzte deslokalizazio kasuetan; hau da, ekoizpen kostuak murrizteko edo zerga gutxiago ordaintzeko asmoz, euren produkzioa edo jarduera beste Estatu batera eramanez gero.
Leire Pinedok adierazi duenez, “ezin da onartu enpresa batek, laguntza publikoak jaso eta gero, bere produkzioa beste Estatu batera eramatea bere interes partikularra bakarrik kontuan hartuta, bere langileen eskubideak eta enpresa kokatuta dagoen herriaren interesak eta beharrak albo batera utzita; ados gaude enpresei diru-laguntzak ematearekin, baina laguntzak emateaz gain, erantzukizuna eta konpromisoak eskatu behar zaizkie, besteak beste, lurraldearekiko atxikipena”.
Hori dela eta, azaldu du, EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu zuen duela lau urte deslokalizazio kasuetan enpresak diru-laguntza publikoak itzultzera derrigortzeko. EAJk eta PSEk ez zuten proposamen hura tramitera onartu, baina bai egin zutela pasa den martxoan, koalizioak berriro aurkeztu zuenean, Ferrovialek bere egoitza fiskala Herbehereetara eramatea erabaki zuenean eta deslokalizazioen fenomenoa agenda politiko eta mediatikoaren erdigunean berriz ere ipini zuenean.
“Politikatik ezin ditugu deslokalizazioak debekatu, baina bai har ditzakegula neurriak mugimendu horiek zailtzeko; hori da EH Bildutik proposatzen genuena eta azkenean lortu duguna”, azpimarratu du Pinedok. Hala, EAJrekin eta PSErekin adostuta, deslokalizazioei buruzko atalak kapitulu oso bat hartuko du Diru-Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean, kasu horietan Administrazioak diru-laguntzak berreskuratu ahal ditzan. “Akordio honekin urrats bat aurrera egiten dugu deslokalizazioak eragozteko, modu horretan, gure ehun industriala eta ekonomikoa babesteko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “laguntza publikoak itzultzeko obligazioa indarrean dago Bizkaian 2007az geroztik eta orain, akordio honi esker, Erkidego osoan aplikatuko da, legez. Gainera, Diru-Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean hainbat hobekuntza egin ditugu, laguntza publikoen banaketa gardenagoa eta zorrotzagoa izan dadin eta Administrazioak horien gaineko kontrol publikoa hobeto berma dezan”.