AKTUALITATEA


| 2019-11-27 14:30:00

EH Bilduk EAJ eta PSE Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) erreforma erretiratzera behartzeko proposatu zien urrian oposizioko beste talde parlamentarioei, Zehazki, Legebiltzarrean inoiz erabili ez den mekanismo bat erabiltzea proposatu zien Podemos eta PPri: Erregelamenduaren 152. artikulua aktibatzea, tramitatzen ari den lege proposamen bat bertan behera uztea ahalbidetzen duena, alegia. Hala ere, ez Podemosek ez PPk ez diote erantzun positiborik eman koalizioaren gonbite horri eta, ondorioz, DBEren erreformaren tramitazioak aurrera egingo du, nahiz eta azken hilabeteotan Legebiltzarrean horren inguruan iritzia eman duten gizarte eragileek eta erakundeek ohartarazi duten EAJ-PSEk sustatutako erreforma oso kaltegarria izango dela DBE jasotzen duten herritarrentzat. Are gehiago, sindikatuek eta Hirugarren Sektoreko Sozialeko Sareek ere erreforma erretiratzeko eskatu zuten Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean, urriaren 17an.
EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak gogora ekarri du Podemosek erreforma hori erretiratzea espresuki eskatu zuela urriaren 31ko Osoko Bilkuran. Hori dela eta, “ulertezina eta inkoherentea da, batez ere, Podemosen posizioa, duela hilabete baino gutxiago erreforma erretiratzeko eskatu zielako EAJ eta PSEri eta orain, aldiz, uko egiten diolako eskakizun hori formalki egiteari; hau da, eskubide sozialak murrizten dituen erreforma bat bertan behera uztea ekar dezakeen ekimen parlamentarioa aurkezteari”. Kortajarenaren irudiko, “Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma erretiratzeko eskatzeari Podemosek orain ezezkoa emateak azalpen posible bakarra du: aurrekontuen negoziazioan ordaintzeko prest dagoen prezioaren zati bat da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du DBEren erreformak, onartzekotan, ondorio larriak izango dituela errenta hori kobratzen duten herritar guztientzat eta, bereziki, indarkeria matxistaren biktimentzat. “EAJ eta PSEren erreformak ezin du aurrera egin, indarkeria matxistaren biktimak babestu baino, gero eta babesgabeago uzten dituelako, errealitate horren inguruko irakurketa murritza eta baztertzailea egiten baitu, VOXen terminologia onartzeraino, indarkeria matxistaz hitz egin beharrean, indarkeria infrafamiliarraz hitz egiten dute eta”.