1992tik 2017ra bitartean kontratu publikoak iruzurrez adostu eta banatzeagatik Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak (CNMC) Estatuko enpresa eraikitzaile handienetako zazpi (G7 deitu duen taldea) ikertu eta, bati izan ezik, inoizko isunik handiena (204 milioi euro) jarri ostean, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Jaurlaritzari eskatzeko, batetik, iruzurrezko praktika horiek noraino iristen diren azter dezala eta, bestetik, lizitazio publikoetan enpresa horiek kontratatzeko debekua ezar dezala, eta debeku hori legez ezinezkoa baldin bada, lizitazioetan klausularen bat txertatu ditzala iruzur egiteagatik zigortutako enpresak penalizatzeko edo espedientea garbi daukatenak saritzeko. Josu Estarrona legebiltzarkidearen hitzetan, “Legebiltzarrak jarduera hau arbuiatzetik edo gaizki dagoela esatetik harago joan behar du”.
Unai Fernandez de Betoñok, bestalde, gogora ekarri du CNMCk G7 izeneko taldea (Acciona, Dragados, Ferrovial, OHL, Sacyr, FCC eta Corsan-Corviam) ikertu duela eta lehengo seiak zigortu dituela, nahiz eta zigorra merke atera zaien, “horrelako enpresa handientzat 204 milioiko isun bat hutsaren hurrengoa delako lortzen dituzten irabazien aldean”.
CNMCk praktika irregularrak atzeman dituen kontratazioen artean, hamabost bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioen kontratuak izan dira. Hori dela eta, Fernandez de Betoñok beharrezkotzat jo du kontratazio horien espedienteak aztertzea. “Horiek eta Abiadura Handiko Trenarenak, zeren 17 tarteetatik 15 G7 taldeko enpresek egin dituzte, eta hori oso kezkagarria iruditzen zaigu. Jaurlaritzak hori kasualitatea den azaldu behar du, eta, kasualitatea ez bada, ea ikerketa bat abiatuko duen”.
G7 talde horren jarduerak EAEn duen dimentsioaz jabeturik, Estarronak Lehiaren Euskal Agintaritzaren lana kritikatu du. “Erabat jokoz kanpo dagoela dirudi; kasu honetan non egon den jakin nahiko genuke. G7ren kasu honek beste behin agerian utzi du EAEn ez dagoela baliabide nahikorik ustelkeriari, gehiegikeriei eta praktika desegokiei aurre egiteko; horregatik ezin da ulertu zergatik EAJk eta PSEk ez dituzten medioak jarri nahi izan gizartearentzat hain kaltegarriak diren praktika ustelekin amaitzeko”. Izan ere, gogorarazi duenez, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzearen kontra bozkatu zuten, adibidez. “Hemendik aurrera bestelako jarrera bat izatea eta beste alde batera begiratzeari uztea espero dugu, Jaurlaritzak halakoak berriro ez gertatzeko neurriak hartu behar dituelako, ezer ez egitea ez delako aukera bat”.