AKTUALITATEA


| 2019-05-02 16:18:00

Julen Arzuagak salaketa aurkeztu du gaur Gasteizko epaitegian pasa den apirilaren 4an Legebiltzarrean, gonbidatu gisa, izan ziren Jusapol eta Jucil sindikatu polizialen ordezkarien aurka, atentatu, irain eta mehatxu delituak egotzita. Osoko Bilkurak Estatu espainolaren indarkeriaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko legea onartu zuen egun hartan eta polizien eta guardia zibilen ordezkariek, PPko legebiltzarkideek bezalaxe, istiluak eragin zituzten Arzuagak, karguan aritzean, legebiltzarkide gisa dagozkion eskubideak eta ardura beteaz, hitza zeukanean. Arzuagaren abokatua beste legebiltzarkide bat da, Jone Goirizelaia, hain zuzen ere.
EH Bilduko legebiltzarkideak salaketan azaldu bezala, Estatuaren biktimei erreparazioa emateko legeaz EH Bilduk egiten duen irakurketa politikoaren nondik norakoak zehazten ari zenean, PPko legebiltzarkideek bere diskurtsoa moztu zuten oihu eta keinu artean eta, gonbidatuen tribunatik, Jusapol eta Jucil sindikatuetako ordezkariek mespretxuzko keinuak eta irainak bota zizkioten. Besteak beste, keinu bat egin zioten, eskuz, pistola bat balute bezala, mehatxu gisa.
Gero, behin eztabaida amaituta eta legea onartuta, Jusapoleko bozeramaile batek indarkeria tresna politiko gisa erabiltzea egotzi zien Arzuagari eta, oro har, EH Bilduri, bai eta ETArekin lotu ere. “Hau da, delitu larri bat, alegia, indarkeria erabiltzea, egotzi zidan eta ETAko kide izatea ere leporatu zidan”, dio legebiltzarkideak salaketan, eta horrek “irain eta mehatxu larrien biktima izatea” ekarri dio sare sozialetan. Hori dela eta, gogorarazi du Arzuagak, Legebiltzarreko Mahaiak adierazpen publikoa egin zuen babesa erakusteko eta mehatxu eta irainak gaitzesteko.