Eskualde osoari zerbitzua ematen dion Arrasateko anbulantzia medikalizatua, Bizi Euskarri Aurreratua, mediku barik aritu da bart berriro ere, 21:00etatik 9:00etara bitartean, EH Bilduk Emergentziak ESIan bertan egiaztatu ahal izan duenez. Ez da hau gertatzen den lehenengo aldia, hilaren 5ean ere larrialdi-zerbitzu horretako erizainek medikuntzaren funtzioak egin behar izan baitzituzten, orduan ere Osakidetzak medikurik ez egotea erabaki zuelako.
Hori dela eta, Rebeka Uberak azalpenak eskatu ditu jada Legebiltzarrean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak argitu dezan zein diren arrazoiak Arrasateko anbulantzia medikalizatua mediku barik aritu behar izateko. EH Bilduko legebiltzarkidea kezkatuta agertu da, ikusten ari garelako Osakidetzan murrizketak normalizatzen ari direla, herritarrei agintzen zaizkien hainbat zerbitzu ez direla behar bezala eskaintzen ari eta Emergentziak ESIaren dotazioa eta egitura husten ari direla, osasun arretaren kalitatearen kaltetan”.