AKTUALITATEA


| 2019-12-26 16:00:00

Etxebizitzen alokairuen prezioak azken urteotan izandako igoera etengabeak kezkatuta, EH Bilduk prezioak mugatzeko lege proposamena aurkeztu zuen duela hilabete bat. Zehazki, egoera bereziki larria den zonaldeetan gehienezko prezio bat ezartzea proposatu du eta prezio horien gainetiko kontratu berriak ez lirateke legalak izango. Bada, gehiegizko prezioei muga jartzea xede duen lege proposamen hori Legebiltzarrean tramitatzearen aurka agertu da Jaurlaritza.
Urkulluren Gobernuak arlo horretan duen ardura beregain hartzeari uko egin dio EH Bilduren lege proposamenari emandako erantzunarekin. Gainera, gaur goizean bertan Etxebizitza Sailburuordeak aitortu du Alokairurako Etxebizitza Parke Publikoa (22.000 etxebizitza) oso motz geratzen dela Etxebiden jasotako eskariak (55.000) asetzeko. Hau da, Jaurlaritza ez da alokairuaren arazoa arlo publikotik konpontzeko gai eta, gainera, arlo pribatuan prezioak mugatuz esku hartzeari uko egiten dio. Finean, ontzat ematen du etxebizitza merkatuak espekulaziorako esparrua izaten jarraitzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin: kaleratzeak, zaurgarritasun egoerak, segregazio arazoak, gazteen emantzipazioa ia ezinezkoa izatea…
Jaurlaritzak bere posizioa justifikatzeko erabiltzen dituen argudioak hutsalak dira: batetik, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko egiten duen apustua bateragarria da guztiz alokairuen prezioak mugatzearekin; bestetik, hemen arazoa ez dela Bartzelonan eta Madrilen bezain larria argudiatzea errealitatea bera ukatzea da, hemengo zonalde batzuk Estatuko garestienen artean daudelako, eta neurriak jada hartu behar dira, beranduegi izan aurretik.
Halaber, EH Bilduren lege proposamenari ezezkoa emanda, Lakuako Gobernuak ezezkoa ematen dio, baita ere, Euskal Zuzenbide Zibila garatzeari eta horrek zabalik uzten dituen aukerak baliatzeari. Auzitegi Konstituzionalak berak ere berezko izaera duen kode zibila garatzeko aukerak onartu berri ditu Katalunian; ondorioz, are eta ulergaitzagoa da Jaurlaritzaren ebazpena.