EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, garraio publikoan %50eko deskontua mantentzeko 2025. urte osoan zehar. Iaztik indarrean dagoen deskontu hori Gobernu espainolak (%30) eta euskal instituzioek (%20) finantzatzen dute, eta koalizio subiranistak deskontua 2025ean luzatuko dela bermatu nahi du, Madrilek bere portzentajea finantzatzeari uztea erabakiko balu ere. Hala gertatuz gero, finantzazioaren zati hori beren gain hartzeko eskatzen die EH Bilduk Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei, “deskontuak orain arteko baldintza berberetan aplikatzen jarraitzeko, BARIK, BAT eta MUGI sistemaren barruan dauden garraiobide eta bidaia txartel berdinetan”, Amancay Villalbak zehaztu duenez.
Deskontuen politika horrek garraio publikoaren erabileran izan duen eragin positiboa nabarmendu du EH Bilduko legebiltzarkideak, erabiltzaileen kopurua izugarri igo baita, marka guztiak apurtuta. Hori horrela, deskontu horiei eutsi beharra defendatu du, azken helburuak Txartel Bakarra izan behar duen arren. “Tarifa sistema bateratu bat, gehien behar duten kolektiboei bereziki mesede egingo diena, hala nola gazteei, langabeei, desgaitasun bat dutenei edota familia ugariei”. Alde horretatik, Villalbak aurkeztutako proposamenak “errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarritutako behin betiko tarifa sistema progresibo hori zehazteko prozesua azkartzeko” dei egiten die Jaurlaritzari eta aldundiei.