AKTUALITATEA


| 2021-09-29 15:37:00

2020ko aurrekontu orokorrak onartu zituztenean EAJk eta PSEk ikertzaile doktoreen ordainsariak igotzeko konpromisoa hartu zuten irakasleen soldata-kategoriarekin parekatzeko bidean, eta doktore ez diren ikertzaileen kasuan %5eko igoera agindu zuten 2020-2021 ikasturtean eta beste %5 gehiago 2021-2022 ikasturtean. Konpromiso haiek, ordea, ez dira inondik inora gauzatu eta, horren ondorioz, EH Bilduk proposamen argi eta zehatz bat ekarri du gaur Legebiltzarrera: batetik, 2020ko aurrekontuetan jasotakoa behingoz betetzea eta ikertzaileei orduan agindutako igoerak atzera-eraginkortasunez ordaintzea; bestetik, hasi berria den ikasturtean euren gutxieneko soldata bataz besteko soldataren %60ra (1.200€ inguru) igotzea, Europako Karta Sozialak ezarritako irizpideak aintzat hartuta.

EAJ eta PSE, baina, ikerlarien soldatak igotzearen kontra azaldu dira, EH Bilduren proposamenari muzin eginez. Eraitz Saez de Egilazek “ikerketan ari diren pertsona guztiei soldata duinak bermatu” behar zaizkiela azpimarratu eta gobernukideen jarrera salatu du, “ezin delako ikerketa mundua berriz ere desprestigio honekin tratatu, sektoreak duen garrantzi estrategikoari erreparatu gabe”.