EH Bilduk adierazi du zinema saioetarako erabili izan den Laudioaldeko aretoa 2022ko irailean itxiko dela espazio hori ikasgelak bihurtzeko obrak egin ahal izateko. Koalizioak jakinarazi du ere kudeaketa taldea duela urtebete horren jakitun zela, eta planifikazio eza leporatu dio. Egoera horren aurrean, desagertuko den zerbitzu horri alternatiba bat bila diezaiola eskatu dio udal gobernuari. “Berriro diogu udalak kulturaren aldeko apustua egin beharko lukeela, eta kultura bizitza sozialaren erdigunean jarri. Kultura herri baten nortasuna da eta etorkizunaren proiekzioa. Momentu honetan, Kultura suspertzeko azpiegiturarik eta espazio fisikorik gabe geratzen ari gara herrian: Gobernuan EAJ-PSE 3 urte eman ondoren ere, ez dakigu oraindik noiz hasiko ziren Antzokiaren obrak, eta Arabako Foru Aldunditik jakin izan dugunaren arabera, Kultur etxeko obrak 2023ko martxotik aurrera hasi ahal izatea espero da” adierazi du Nagore Gomarak.
Horren guztiaren ondorioz, EH Bilduk premiaz eskatu dio udal gobernuari baliabideetan inbertitzea, eta egoera kezkagarri hori iraultzeko irtenbideak eta alternatibak eskaintzea.