AKTUALITATEA


| 2020-07-29 10:10:00

Laudio, 2020.07.29 - Arabako Foru Aldundiak turismo sustapenerako egindako azken bideoan, Laudioko eta Aiarako kuadrila osatzen duten gainerako udalerrietako historia-, kultura-, arte- eta ingurumen-ondareari buruzko aipamenik egin ez duelako, eztabaida sortu zen iragan osoko bilkuran. Arabako Foru Aldundiaren utzikeria honek,  tokiko eta eskualdeko turismo-politikei buruz gogoeta egitera behartzen gaitu.

EH Bildu Laudiok, Arabako Foru Aldundiaren turismoa sustatzeko politiketan Laudioko eta eskualdeko ahanzturarekin ados ez dagoela salatu eta adierazteaz gain, beharrezkotzat jotzen du Laudioko Udalak turismo-arloan garatu beharreko neurri zehatzak planteatzea.

Hau kontuan hartuta, EH Bildu Laudiok EAJ-PSEko gobernu-taldeari eskatzen dio aurreko legeagintaldian jorratutako hiri-ekonomiaren plan estrategikoak turismoa garatzeko jasotzen zituen neurriak abian jar ditzala, honetarako dagokion diru partidarekin. Era berean, EH Bildu Laudiok egungo PERCO  ( merkataritza suspertzeko plan berezia) mahaiaren baitan tokiko turismo-mahaia aktibatzeko beharra planteatu du, parte hartzen duten eragile guztien (udala, ostalaritza, merkataritza eta turismoa) eztabaidarako eta lanerako foro gisa.

EH Bildu Laudiok kritikatu egin du Ander Añibarroren gobernu-taldeak legeagintaldi honetako lehen urtean turismorako politikarik garatu ez izana. “Ez da aurrekontu-partidarik jarri hiri-ekonomiaren plan estrategikoan turismoari dagozkion neurriak garatzeko. Gobernu taldeak turismoan egiten duen udal jarduera, beste arlo batzuetan bezala, beste erakunde batzuek erabakitzen dutenaren mende dago. Gobernu taldeari ekimen handiagoa eskatzen diogu gai honi dagokionez” adierazi zuen udal talde subiranistak.