EH Bildu Laudiok etorkizunari begira udalerriak dituen erronkei aurre egiteko nahian bederatzi proiektu aurkeztu ditu inbertsio planerako. Horien artean gazteentzako alokairuko sozialeko etxebizitzak zein adinekoentzako etxebizitza komunitarioak daude. Biak egun Aldai plazan udaletxe ondoan hutsik dagoen lursailean kokatuko lirateke eta Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean egingo lirateke.
Horiek dira atzo Laudioko Udaletxean aurkeztu duen proposamenean jasotzen den proiektu bat. Horiekin batera “emakumeok indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta feminismoa bultzatzeko elkargune eta espazio segurua” izan behar den Emakumeen Etxea dago. Horrez gain: nagusien egoitza zaharraren eraikina zaharberritzea eta Herriko Plazako lurzorua aldatzea planteatu du EH Bilduk.
“Gure ustez oraindik ez dugu pandemiak eragindako ondorio sozioekonomiko guztiak gainditu eta horri Ukraniako gerrak sortu duen krisi ekonomiko larria gehitu behar diogu. Horregatik, Laudiok premiaz egoera berriari erantzun behar dio eta bere baliabide guztiak, baita beste erakundeetatik jaso dituenak ere, etorkizuneko erronkei erantzuteko norabidean jarri behar ditu. Horri begira osatu dugu proposamena”, azaldu du Santi Hernando EH Bildu Laudioko kideak.
Kultura eta kirola arloan bestelako proposamenak ere egin ditu EH Bilduk. Ellakuriko udal igerilekuetan ostalaritza jarduera hobetzeko eta ordutegia zabaltzeko aukera emango duen proiektua abian jartzea, San Martin futbol zelaian harmailak jartzea edota Gardeako instalazioen gaineko azterketa sakon bat egitea. Aretako kultur etxean tabernako sukaldea egokitzea eta saneamendu-sarea eta komunak berritzea proposatu du eta Laudioko kultur etxeko obrak egiten diren bitartean behin behineko espazioen erabilerak ahalbideratzea eskatu du EH Bilduk.
Azkenik, kontsumo baxuko argiteria hedatzen jarraitzeko diru-partida bat egokitzea eta informazio panelen sarea zabaltzea ere jasotzen da proposamenean.