Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun sexu-genero sistemaren ondorio diren sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.
Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu. Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta, lehentasunak identifikatuz, politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.
Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntu, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan, bai eta historikoki aintzatetsi eta ordaindu gabeko zereginetan, hala nola zainketetan, haien zeregina aitortzea bere osotasunean.
Horregatik guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak honako hau erabaki du:
1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:
◦ Lanbide edo beste erakunde batzuekin bultzatzen diren enplegu-planen genero ikuspegia izango duen analisia egitea, eta sexuaren araberako eskaintzen den formakuntza eta enpleguen segregazioaren aurka neurriak diseinatzea eta abian jartzea.
◦ Udaleko langileen soldata-egituraren diagnostikoa egitea genero ikuspegitik, eta, ateratako ondorien arabera, horren arabera soldata arrakalaren aurkako premiazko plana abiatzea. Halaber, langileentzako kontziliazio neurriak aztertuko dira, gizonek har ditzaten bultzatzeko asmoarekin.
◦ Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero-klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea.
◦ Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero-ikuspegitik, Udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.
◦ Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.
◦ Gazteei zuzendutako politiketan, emakume gazteen ahalduntzea bultzatzea. Hezkuntza komunitatearekin batera hezkuntza sexu-afektiboa eta ikasketen aukeraketan neska eta mutilen arteko berdintasuna lantzera zuzendutako jarduerak jasotzea.
2. Lan espazio bat sortzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatzea, non Udaleko teknikari eta politikoek, mugimendu feministak eta hezkuntza, osasuna edo arlo sozialeko beste eragile batzuk parte hartuko duten. Espazio honek berdintasun politika publikoen diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu (tartean, indarkeria matxisten aurreko protokoloak, jai parekideak, kanpainak etab.) eta arreta berezia jarriko du parte hartze politikorako zailtasun bereziak dituzten emakume kolektiboen parte hartzean.
3. Ekintza zehatzen bidez, zaintza-lanak ongizate kolektibo gisa onartzea eta bermatzea, herritarren bizitzari eta ongizateari eusteko ezinbestekoak baitira:
• Arlo publiko nahiz pribatuan udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea, eta neurriak martxan jartzea: zaintzen aitortza soziala eta gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzeko eta udaleko zerbitzu sozialak garatu eta hobetzeko, lan baldintza duinak bermatuz, bereziki Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan.
• Zaintza-eskubidea bermatzeko eta zaintza-lanen kalitatea ezinbesteko ondasun gisa errotzeko, Udal aurrekontuak behar adina baliabidez hornitzea.
4. Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioak (manifestazioak, kontzentrazioak, jarduerak eta ekitaldiak) babestea.
5. Aipatutako hori guztia egikaritzeko eta neurri zehatz horiek aurrera eramateko, berdintasun-saila osatzea, berditasun-teknikari espezializatu batekin.